Indarkeria gabeko eta sexu bizi guneak jarriko dira kaleetan

Babes gunean aholkularitza eta informazioa emango da. /  KOXKO
Babes gunean aholkularitza eta informazioa emango da. / KOXKO

Aholkularitza, informazioa eta edozein laguntza eskainiko dute gune orotan

KOXKOOIARTZUN.

Herriko festek, errespetuan eta guztientzako gozagarri izatean oinarritu behar dute, horretarako, ekimen esanguratsu hau jarri du abian Oiartzungo Udaleko Feminismo sailak. Xanistebanetan, indarkeriarik gabeko gunea eta sexu bizi eta babes gunea jarriko dira Killirikupen -Donibane kale aldera-. Helburua herriko emakumeentzako nahiz ezein herritarrentzako, erreferentzia puntu izatea da.

Emagin eta Bizibitxi elkarteak arduratuko dira gune horietan aholkularitza eta informazioa emateaz, egun ezberdinetan. Gaur (18:00etatik 21:00etara) eta 6an (17:00etatik 20:00etara), Emagineko kideek Indarkeriarik Gabeko Gunean indarkeria sexistaren kontrako informazioa eta autodefentsa feministari buruzko aholkuak emango dituzte, besteak beste.

Abuztuaren 4an, etzi, (18:00etatik 21:00etara) eta 5ean (17:00etatik 20:00etara), berriz, Bizibitxiren txanda izango da. Sexualitateari eta harreman osasuntsuei buruzko informazioa eta materiala emango dute Sexu Bizi gunean, eraso sexisten kontrako Babes Gunean bezalaxe.

Herritarrak mahaira hurbiltzea da xedea, izan ditzaketen edozein galdera edo zalantza argitzera , baita euren esperientziak partekatzera ere. Oiartzuarren arteko harreman onak eta elkarren zaintza sustatu nahi dira gune hauen bidez.

Protokoloa eguneratu da

Oiartzungo Udalak erasoen kontrako protokoloa azaltzen duen eskuorria berritu du, telefono lagungarrien informazioa eguneratuz. Killirikupeko gunean eskuragarri egongo da protokoloaren eskuorria, eta tabernetan eta txosnetan ere banatuko da.

Erasoei aurre egiteko jarraitu beharreko urratsak eta laguntza eskatzeko telefonoen berri ematen du protokoloak.

Irudi sexistarik gabe

Xanistebanak parekideak izan daitezen neurriak hartu ditu udalak. Hori dela eta, aurten lehenengo aldiz, barraketan irudi sexistak saihesteko protokoloa martxan jarriko da.