Ikasturte amaierako jaia bihar, Oarsoaldeko mugikortasuna eskola kirolaren eskutik

Elizalde Herri Eskolan izango da, goizeko 11:00etan

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Desplazamendu berdeak eta bizikletan eginikoak saritzeko, aurten ere ikasturte bukaerako jaia ospatuko da bihar, Elizalde Herri Eskolan. Goizeko 11:00etan hasiko da ekitaldia eta bertan hiru sari banatuko dira: batetik, bizikletan desplazamendu gehien egin dituen ikastetxeari bi bizikleta emango zaizkio, kasu honetan Elizalderi. Beste saria patinete bat izango da, bizikletan desplazamendu gehien egin dituen haurrari emango zaio, kasu honetan Lezo Herri Eskolako haur bati. Eta, azkenik, desplazamendu berde gehien egin dituen ikastetxeari bizikleta bat emango zaio, Karmengo Amari hain zuzen ere.

Badira urte dezente Oarsoaldeko eskola kirolaren parte diren eragile ezberdinak, Udal teknikariak, Eskoletako koordinatzaileak, Oarsoaldeko eskola kiroleko koordinatzailea eta Kirolaisi.XXI-eko teknikariak, asteartero-asteartero biltzen direla bilera mahai batean. Mahai horrek eskola kiroleko gai ezberdinak lantzen ditu eta bertan hartzen dira gai horren inguruko erabakiak.

Ekimen ezberdinak martxan

Kirola, heziketa eta osasuna izanik balore garrantzitsuenetako batzuk, azken honetan jarri zuten arreta eta konturatu ziren asteburuetan kirola egitera joateko erabiltzen zuten garraio modua aldatu beharra zegoela, ikusten baitzen norbanako kotxeetan desplazatzen zela haurren gehiengoa. Hori horrela 2013/2014 denboraldian desplazamendu jasangarriak erabiltzeko plan bat jarri zuten martxan. Plan horren helburua bakarkako kotxearen erabileraren jaitsiera ematea zen. Bizikletan, oinez, garraio publikoan edo kotxe elkarbanatuan, berdeak deritzanak, gehiago desplazatzea zen helburua. Horretarako ekimen ezberdinak jarri ziren martxan, hala nola, gurasoak desplazamendu jasangarriak egitera animatu, bizikletan desplazatzen ziren haurrak saritu... Eta horrela jarraitzen dute gaur egun ere.

Hala ere egoera erreal eta datu fidagarriak izateko KirolaisikoXXI-eko teknikariek eta Oarsoaldeko eskola kiroleko koordinatzaileak astebururo haur bakoitza nola desplazatu den jasotzen zuten, eta honekin datu base bat sortu zuten desplazamenduak zein motako ziren jakiteko. Azterketak frogatu du lau urteetako aldaketa nabaria izan dela desplazamendu berdeei dagokionean, aurtengo ikasturtean ia desplazamenduen erdia izateraino. “Pozgarria da hau Eskola Kirolean lan egiten dugun guztiontzat», adierazi dute.

«Gure beste erronka nagusia, ikasleak bizikletan desplazatzea izan da aurten ere, eta datuak beste urtekoekin konparatuz gora egin duela ohartu gara. Batez ere aurten izan dugun udazken, negu eta udaberri euritsuak kontuan izanda emaitza ezin hobea lortu dugula esan dezakegu», gaineratu dute.

 

Fotos

Vídeos