Ikasleekin egindako IKT-en gaineko azterketak jakinmina piztu du gurasoen artean

Ikasleekin egindako IKT-en gaineko azterketak jakinmina piztu du gurasoen artean

GOIZARIN OIARTZUN.

Gizarte-Ongizate sailak bideratzen duen Adin Txikiko Mahaiak hirugarren aldiz IKT-en erabilerari buruzko azterketa egin du herrian. Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako LH 5-6 mailetako eta DBHko ikasle eta gurasoek galdetegia erantzun dute horretarako. Gaztetxoek egiten dituzten erabilerak aztertu ondoren, horiek hobetzeko ekintzak planteatuko dira ikastetxeetan eta gurasoekin ere formakuntza landuko da.

Pasa den asteazkenean, Arkaitz Lareki EHUko Didaktika saileko irakasle eta azterketaren zuzendariak, eta Javi Bravo Agintzariko hezitzaileak gurasoei aurkeztu zizkieten datuak eta, batez ere, telefono mugikorraren inguruko zenbait aholku eta irizpide eman zituzten, erabilera desegokien prebentzioa sustatzeko. Aurkezpenera 40 guraso baino gehiago hurbildu ziren, gaiak kezka sortzen duten seinale.

Azterketa orokorren arabera, pertsona bakoitzak 40 aldiz begiratzen du telefono mugikorra egunean. Kopuru hori gehitu egiten da geroz eta gazteago izan.

Azterketek diote 13-17 urte bitarteko neskek sare sozialen erabilera grafikoetarako hobesten dutela eta mutilek, berriz, jolasetan ibiltzeko.

Espainiako estatutan, 11 urterekin haurren %51k du telefono mugikorra. Kopuru hori %93ra igotzen da 15 urterekin. «Euskal Herrian dugun maila sozio-ekonomiko dela medio, pentsatzekoa da kopuru horiek altuagoak izango direla hemen», esan zuen Arkaitz Lareki irakasleak.

IKT eta sare sozialetan ohikoenak diren erabilera desegokiak phising-a (pasahitzak lapurtzea), sexting-a (eduki sexualak trukatzea), spyware-a, mendekotasuna, groominga, gezurrak zabaltzea, ciberbullying-a, erronkak, sharenting-a (gurasoek euren seme-alaben argazkiak partekatzea)... dira. «Ez dira oso ohikoak, baina tarteka gertatzen dira», zehaztu zuen Larekik. Gurasoak arlo honetan formatuak egotea zeinen garrantzitsua den azpimarratu zuen.

Oiartzungo datuak

Herrian egindako azterketatik jakin ahal izan denez, Oiartzungo gaztetxoek gehien erabiltzen dituzten sare sozialak whatssapa, Instagrama (galdetutakoen erdiak baino gehiagok badu), gmaila eta Snatchapa dira.

Oiartzungo azterketan, erabilera desegokiak ez dira kopuru handietan identifikatu. Hala ere, ikasleek onartu dute zenbait erabilera desegoki egiten dituztela: helduen edukiak bisitatu (%20); aitortzen dutena baino gehiago erabili IKT-ak; whatssap taldeetatik kanpo utzi ikaskideak; ezezagunen laguntasun gonbidapenak onartu; baimenik eskatu gabe argitaratu edo partekatu besteen argazkiak... Hala ere, azterketak erakusten du erabilera desegokiak murrizten direla ikasleak helduago diren heinean.

Geroz eta lehenago izaten dute telefono mugikor pertsonala haur eta gaztetxoek. «Jaunartzeetako opari izarra bihurtzen ari da mugikorra», kontatu zuen Larekik. «Ze adinetan eman behar zaio telefono mugikorra seme-alabei?». Hori zen asteazkenean bildutako guraso gehienen kezka. «Ez dago soluzio bakarra, haur eta familia bakoitza eta haien egoerak ezberdinak direlako». Hala ere, berak, ahal dela DBH arte atzeratuko lukeela telefono mugikorra ematea gaineratu zuen. Hori bai, mugikorra seme-alabei ematerakoan, erabilera baldintzak eta mugak zehaztea garrantzitsua dela azpimarratu zuen Larekik.

Ekintzak ikastetxeetan

Hemendik abiatuta, Adin Txikiko Mahaiak ekintza zehatzak jarri ditu martxan herriko ikastetxeetan, ikasleekin IKT-en erabilera arduratsua lantzeko. Aurten, LH 5 eta 6. mailetako ikasleekin bi saio egin dira eta DBH 1 eta 2. mailakoekin, hiru. Horrez gain, ikastetxe bakoitzak gai honen inguruan protokoloa diseinatua du eta erabilerak erregulatuak.