Igandean ospatuko da Arditurri Eguna, berrikuntzaz betea

Jendetza bildu zen aurreko urteko Arditurri Egunean. / GOIZARIN
Jendetza bildu zen aurreko urteko Arditurri Egunean. / GOIZARIN

Erromatarren garaira eta historiaurrera hurbiltzeko aukera aproposa izango da

GOIZARINOIARTZUN.

Igandean, izango da aurtengo Arditurri Eguna, urteko egunik bereziena nahiz aipagarriena meategietan. Oiartzungo Udalaren eta Gipuzkoako Parketxe Sarearen eskutik egitarau erakargarria prestatu dute. «Arditurriko parketxean, egun berezi bat eskaini nahi dugu, meategiak eta Aiako Harria natura parkeko ingurunea hobeto ezagutu ahal izateko», adierazi dute antolatzaileek.

Goizeko 10:30etik 14:00etara arte meategiak prezio murriztuan bisitatzeko aukera egongo da. 'Oinarrizko Bisita' bi euroan eta 'Meategia Sakonean' bisita hiru euroan. Sarrerak egunean bertan hartu beharko dira. Kanpoan geratzen direnek ere ez dute aspertzeko abagunerik izango, Abaraxka ludotekako kideek talo tailerra antolatu dute eta. Hurrera-tzen den orok aukera izango du, nork bere kabuz gazta edo txokolatezko talo eder bat prestatzeko, eta noski dastatzeko.

Horrez gain, 10:30etik 13:30era Historiaurreko bizimodua esperimentatzeko aukera izango da, Suhar arkeologia taldearen eskutik. Arkeologia esperimentala gertutik ikusi eta ikasteko parada ezin hobea izango da. Esaterako, erakutsiko dute historiaurreko labarretako artea edo suharrizko tresneriaren lanketa nolakoa zen, egurraren bidez sua egiten eta arku bidez gezia jaurtitzen. Jarduera guztiak doakoak izango dira.

Bestalde, 11:00etan Igeldoko Arrano Etxean sendatutako hainbat hegazti askatuko dira. Zentro honetan, arrazoi ezberdinak direla eta, zauritutako edota gaixotutako animaliak sendatzen dituzte eta hauek ahalik eta azkarren beren ingurune naturalera itzultzen ahalegintzen dira. Jarduera hau ezin izango da guztiz baieztatu ekitaldi eguna baino egun batzuk lehenago arte, izan ere, hegaztien egoeraren menpe dago, soilik guztiz sendaturik daudenean egin daiteke eta.

Amaitzeko, 12:00etan 'Mineralen bila' irteera gidatuko dute Luberri geologia museoko kideek. Ibilaldi labur bat eginez Arditurriko meagunean ustiatu ziren mineralen inguruko informazioa eskaintzeaz gain, mineral hauek nola bereizi eta topatu erakutsiko dute.