XL. Ibilaldi Neurtua hilaren 14an, Bizardia elkartearekin

Goizeko 07:30ean abiatuko da aurreneko taldea Doneztebe plazatik; bost ordu eta erdiko ibilaldia antolatu dute aurten

GOIZARIN OIARTZUN.

Gurutzeko Bizardia elkarteko mendi taldeak Oiartzungo XL. Ibilaldi Neurtua antolatu du apirilaren 14rako, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin. Doneztebe plazan hasi, eta bost ordu eta erdiko ibilaldia egin ondoren, Gurutzen izango dute helmuga parte hartzen duten mendizaleek.

Irteeran izan nahi dutenek, igande horretan bertan eman behar dute izena. Bizardiako Mendi taldeak jakinarazi duenez, mendia gustuko duten guztiek parte har dezakete. Aurreneko taldea 07:30ean abiatuko da Doneztebe plazatik, eta besteak minututik minutura.

Aurtengo edizioan Elizalde auzotik abiatu eta mendizaleek Iturriotz auzora joko dute. Han, Santiago bidea jarraituz, Añarreraino iritsiko dira eta handik, Oreretan sarturik, errepideraino jaitsiko dira Oiarzabal baserri ondoan dagoen bidetik. Han gurutzatu eta Belabara-tzera ailegatuko dira. Handik Zamalbide eta gero zuzenean Txoritokietara. Horren ondoren Bizarain izeneko parajera (San Marko) iritsiko dira.

Dagoeneko bueltatzeko tenorea izango da eta Kutarro atzean utzita, Txirrita-Maleo industrialdera joko dute. Gero, AP-1 gainetik igaro eta Zentolenera eta Mamuterantz hartuko dute mendizaleek. Bertan, Arditurri bidegorritik Mendinera jo eta Arizabalo erreka jarraituz Gurutze auzorako bidea hartuko dute txangoa amaitzeko.

Fruta eta ura postuak

Bidean zehar zenbait tokitan fruta eta ura jarriko dituzte mendizaleak indarberritzeko eta elkartean bertan salda beroa eta pintxoak izango dira, amaieran.

Aurtengoan ere ibilaldi aparta antolatu dute Bizardiako lagunek. «Ai-tzetako Zabalako trikuharria, Txoritokietan dagoen mugarri zaharra, Kutarro... izeneko parajeak ezagu-tzeko zeharkaldi aproposa da», adierazi dute antolatzaileek. «Kuriositate moduan, lehenengo aldiz zapalduko dugu Donostiako eremua», gaineratu dute.

Dagoeneko dena prest dute Bizardia elkarteko kideek mendi ibilaldi bikainez goza dezaten parte hartuko duten lagunek.