«Horretarako gauza naizen arte idazten jarraituko dut»

Antton Kazabon./KOXKO
Antton Kazabon. / KOXKO

Antton Kazabon Idazlea

KOXKOOIARTZUN.

Antton Kazabon Amigorena idazle oiartzuarra 1954ko ekainaren 25ean jaio zen eta urteak dira zeresana ematen hasi zela, nagusiki euskalgintzan. Idazle, bertsolari, irakasle, poeta eta euskaltzale amorratua da Antton. Azken hilabeteotan bi liburu argitaratu dituenez, bere ibilbide oparoari errepasoa egiteko bildu gara.

-Gurutzeko Koskotene baserrian jaio zinen, gaztetik ikastolan lanean, noiz, nola eta zergatik hasi zinen sorkuntza lanetan?

-Orain dela 45 urte dena zegoen egiteko ikastolen munduan, dena egiteko euskalgintzan, hezkuntzan gabezia izugarriak. Bestalde, gure aldetik sekulako ilusioa eta lanerako gogoa, indarra... Gauzak horrela, zaila zen kulturgintzaren mugimendutik at geratzea. Elkar argitaletxekoek eskatuta, euskarako testu liburuak egiten hasi ginen talde lanean, bertsolaritzaren irakaskuntzarako materiala sortzen, ikasleentzat egokiak izan zitezkeen irakurgaiak idazten... Beraz, klaseak amaituta etxera itzulitakoan, beste horrenbeste lan geneukan sorkuntza mailako ahalegintxo horietan bidea egiten.

-Nondik datorkizu idazteko eta sortzeko sena?

-Mutikotan eskolan derrigortzen gintuzten idazlanak aurkeztera herriko lehiaketetan, eta Oarsoaldekoetan. Sari batzuk irabazten nituenez, Don Juan Maria apaiz eta irakasleak asko animatzeaz gain, euskal idazleen munduan murgildu ninduen buru-belarri. Axular, Larramendi, Mendiburu... Txillardegiraino. Hortik aurrera, hasieran esan bezala, sena baino gehiago, ikastolen munduan lanean hasi ginenean, beharra izan sortzaile bilakatu gintuen arrazoi nagusia. Testu liburuak, irakurgaiak, material didaktikoa...

-Bertsoak, poesiak, eleberriak, haur literatura... denetik idatzi duzu, baina, zer egitea duzu gustokoen?

-Gaztetxoentzat poemak idaztea gustuko dut oso. Hitzekin jolastuz gauza harrigarriak sor daitezkeelako. Testu zoragarriak, aberatsak eta dibertigarriez jantzi daitezkeelako gaztetxoen koaderno eta testu liburu aspergarriak. Baina zer gertatzen da? Irakasle gehienentzat poesia ez dela genero gustagarria edo erosoa klasean lantzeko. Ondorioz, ez da poesia libururik saltzen. Ondorioaren ondorioz, gero eta zailagoa da argitaletxeek poesia liburuak argitaratzea. Lehen hezkuntzako ikasleentzat ipuin nahiz errelatu luzeagoak idaztea izan liteke, beharbada, niretzat generorik gustagarriena edo gratifikanteena, behintzat. Maila hauetako ikasle irakurleak oso esker onekoak direlako eta liburu asko mugitzen delako adin hauetan. Eta horrek aukera zabalak irekitzen dizkigu eskolaz eskola zure irakurleekin aurrez aurre egoteko, eta zure liburuarekin haiek izandako bizipenez gozatzeko.

-Idazle bezain irakurle trebea al zara? Zer irakurtzen duzu gehien?

-Nahiz eta gure aitak Auspoako liburuak etxean jasotzen zituen, Zeruko argia aldizkaria bezalaxe, guk hark kantatutakoak eta irakurritakoak entzuten genituen igandetako bazkaldoetan. Baina nik ez nuen irakurtzeko zaletasun handiegirik. Eta gaur egun ere, nahiago dut askoz ere neuk sortu fikziozko istorio, ipuin edo eleberritxoak, besteek idatzitakoak irakurri baino. Hala ere, jakina, haur eta gazte literaturan argitaratzen gehientsuena irensten dut.

-Gustura gelditu al zara argitaratu dituzun azken bi liburuekin?

-Gaur egun pozik eta gustura egoteko arrazoia bada, argitaletxeren batek zure original bat publikatzea. Udaberri honetan 'Lehenengo musuaren zain' izeneko nobelatxoa eman dut argitara Elkar argitaletxearekin. Etxe bloke berean bizi diren hainbat bizilagunen pasadizo eta gatazkak aurki daitezke bertan. Baina guztien artean, Aimar mutikoa eta Uxue neskatoaren arteko maitasun historia nabarmentzen da amaiera aldera.

Bigarrena, 'Izarrekin lo'. Agalir argitaletxeak publikatu didan kontaketa labur eta poetikoa. Neska ttiki ezindu baten bizitzeko gogoa, eta ezinak gainditzeko ilusioa nabarmentzen dira bertan. Gaitasun mugatuak edo ezberdinak dituzten haurrek berdinak izateko dituzten ametsei buruz dihardu liburuak.

Horiez gain, udazken honetan argitara emango ditut, besteak beste, 'Animaletrak', 'Gabi eta Bernardaren komeriak', 'Benito Lertxundi naiz'...

-Inspirazioa topatzen lanak izaten dituzu ala erraz moldatzen zara?

-Hasiera hartan ideiak banaka etortzen ziren eta liburuak ere bakan antzean ematen nituen argitara. Baina urteak aurrera joan ahala, eta eskarmentuz aberasten joan ahala, ideiak eta proiektu berriak borborka datozkit burura. Irudimena ere bizkortzen eta aberasten doa, nonbait, entrenamenduaren eraginez.

Ideien lanketa eta lehen zirriborroak buruan garatzen ditut lehenik. Eta ideia karraturen bat zerbait borobiltzen hasten denean, orduan pasatzen dut paperera. Bigarren edo hirugarren testualizazioa burututakoan, Joxerra Gartzia irakasle eta idazleari igortzen diot nire originala, hark azken ukitua eman diezaion. Eta hortik argitaletxera doa.

-Irakaskuntzan erretiroa hartu zenuen, idazle profesional gisa noiz arte jarraitu nahi duzu? Zein da zure asmoa aurrerantzean?

-Proiektu eta asmo ikaragarririk gabe, baina buruan badut beti ideia edo egitasmo berriren bat bueltaka, eta huraxe aurrera ateratzeko ilusio galanta ere bai. Beraz, horretarako gauza naizen arte idazten jarraituko dut, lehenengo liburuak bezainbesteko ilusioa sortzen baitit ehungarrenak ere. Hain da ederra euskaraz gaztetxoentzat liburu berriak plazaratzea! Hain da esker onekoa gaztetxoak zure fikziozko istorioetan murgilduta protagonista sentitzen direla ikustea! Hain da pozgarria, oraindik ere askok lurperatu nahi duten euskara arnasberritzea, ttanttaka-ttanttanka bada ere, zure liburuxkei esker!