Hirukideren aurkezpena izango da bihar arratsaldean

Familia ugariko kideak informatzea du helburu elkarteak./
Familia ugariko kideak informatzea du helburu elkarteak.

Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioko ordezkariak udaletxean izango dira bihar arratsaldean

GARAÑO OIARTZUN.

Hirukidek Oiartzuneko eta udalerri mugakideetako familia ugariei dei egiten die, elkartearen lanaren berri emateko eta haien beharrak ezagutzeko, bihar Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioa, Hirukide, Oiartzunen izango da. Horrela herriko kide ugariko familiei elkartearen zerbitzuen eta jardueren berri emango du. Hitzordua 18:00etan izango da, Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan. Familia ugari guztiak edota laster familia ugari izango direnak daude gonbidatuta.

Aukera paregabea da aurkezpena, federazioaren zerbitzuak eta jarduerak ezagutzeko ez ezik, kolektiboak dituen laguntza eta hobari publikoei buruzko informazio zehatza jasotzeko, bai eta familiek beren iradokizunak eta erreklamazioak helaraz diezazkiguten ere.

Berritasunak familientzat

Aurkezpen ekitaldian, azken hilabeteotan eta urteetan kolektibo honi zuzenduta izan diren berritasunak azalduko dira, familia ugari askok ez baitituzte ezagutzen. Besteak beste, hauek nabarmentzen dira:

Pasaportea eta NANa egiteko tasen salbuespena: iaztik, kide ugariko familiako kideek dohainik egin dezakete NANa edo pasaportea, hau da, ez dituzte ordaindu behar agiri ofizial horiek izapidetzeko tasak.

Kide ugariko familia izaeraren hedapena: iaztik, indarrean dago kide ugariko familia izaeraren legezko hedapena, eta, beraz, familiek titulu hori izaten jarraituko dute seme edo alaba gazteenak legeak ezarritako adina bete arte (21 urte, edo 26 urte, ikasten edo prestatzen jarraituz gero). Legeak eskatzen duen gehieneko adin hori betez doazen seme-alabak titulutik at geldituko dira, baina, familiako gainerako kideen kasuan, familia ugari izaten jarraituko dute, gazteenak legezko adin hori bete arte.

Argiaren Bonu Soziala: 'urtebete baino gehiagoan Industria Ministerioarekin etengabeko bilerak egin eta proposamenak azaldu ondoren, argindarraren bonu soziala garatzen duen Errege Dekretua behin betiko onartu zain gaude; dekretu horren arabera, familia ugariek % 25eko deskontua izango dute. Bono sozialaren arauketa berrian, hobaria jaso ahal izateko kontsumo-mugak ezarri dira, urtean 3.600 kWh arte. Beraz, bonuaren % 25eko deskontua gehieneko kontsumo horretara bitartean aplikatuko da; hortik aurrera (3.600 kWh urtean, familia ugarien kasuan), tarifa arruntaz fakturatuko litzateke. Garrantzitsua da jakitea erregulazio berriak eskaeraren berriztatzea eskatzen duela hari etekina ateratzen jarraitu ahal izateko. 2018ko urria baino lehen berritu ez duten familiak hobaria jasotzeari utziko diote.

Amatasunagatiko osagarria pentsioetan: iaz sartu zen indarrean amatasunagatiko osagarria, gutxienez bi seme-alaba izan dituzten emakume langileen kontribuzio-pentsioetan. % 5 handituko da, bi seme-alaba izan dituztenentzat; % 10, hiru izan dituztenentzat; eta % 15, berriz, erretiroa hartu eta lau seme-alaba edo gehiago izan dituztenentzat.

Beraz, herriko familia ugariko kide oro gonbidatuta dago Hirukidek Oiartzunen egingo duen aurkezpenera. Esan bezala, bihar izango da, arratsaldeko 18:00etan Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan Oiartzunen (Plaza Done Eztebe, 1).

Ordua: 18:00etatik 19:30era. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo hirukide@hirukide.com helbidera edo deitu 945 25 36 02 telefono zenbakira.

 

Fotos

Vídeos