Herriko pilotari gazteak emaitza onak lortu dituzte asteburuan

Aburuza eta Sein, Adunako txapelketaren irabazleak Getarian Aburuza eta Sein koparekin eta Azpirotz eta Sein txapelarekin./
Aburuza eta Sein, Adunako txapelketaren irabazleak Getarian Aburuza eta Sein koparekin eta Azpirotz eta Sein txapelarekin.

GARAÑO OIARTZUN.

Joan den asteburuan txapelketa ezberdinetan ibili ziren gazteak eta etxera txapelarekin zein koparekin itzuli ziren. Larunbatean, hilak 4, Adunako XV. Eskupilota txapelketako finalak jokatu ziren eta Xabi Aburuza eta Ekain Seinek 22-18 irabazi zuten Aimar Egiguren eta Josu Labakaren aurka. Astelehenean, aldiz, Getarian XXI. txapelketako finalak izan ziren eta Xabi Aburuzak eta Ekain Seinek 22-6 galdu zuten oraingoan De la Fuente eta Azpirozen aurka eta ezin izan zuten txapela lortu. Hala ere, herriko beste bi gaztek, Josu Azpirotzek eta Oroitz Seinek, 22-18 irabazi zuten Etxaniz eta Gartziaren aurka.

Politika feministen lehen plana

Oiartzungo Politika Feministen I. Plana egiten ari da Udala, Feminismo sailetik. Plan honekin, datozen urteetan genero berdintasunaren arloko helburuak, lehentasunak eta esku-hartzeak zehaztuko dira, udal zein herri mailan. Plana lantzeko abiapuntua 2008an egindako diagnostikoa izango da. Hura eguneratuko da eta, besteak beste, Udaleko sail guztietan genero-berdintasunaren egoera aztertuko da. Lan hau egitera 14.634,95 euro bideratuko dira. Udalak Emakunderen diru-laguntza jaso du, planaren %75a finantzatzeko. Urte bukaerarako Oiartzungo Politika Feministen I. Plana diseinatuta egongo da. Gisa honetako plana, legez, erakunde publiko guztiek izan behar dute. Udalaren ardura da bere jardun osoan legea betetzea eta eredugarri izatea berdintasunaren arloan.

Oiartzungo Politika Feministen I. Plana diseinatzen ari den bitartean, Udaleko Feminismo saila udaletxe barruan zenbait ekintza eta formakuntza tailer eskaintzen hasi da: eraso sexisten inguruko formakuntza udaltzainekin; udaleku irekietako hezitzaileentzako hezkidetza tailerra; jai parekideen inguruko lanketa Jai Batzordearekin... Herri mailako ekintzak ere planteatu dira Feminismo sailetik, Oiartzungo Feministen Asanbladarekin elkarlanean: autodefentsa tailerrak, Sexu Askapenerako Eguna...

 

Fotos

Vídeos