Heldu direla Intxixuak, sorginak eta basandereak Kataxulotik, jarri zakuak pronto!

Gazte zein heldu, festaz gozatzeko egunak datoz. /  ARGAZKIAK: GOIZARIN
Gazte zein heldu, festaz gozatzeko egunak datoz. / ARGAZKIAK: GOIZARIN

Burrunbaaarekin lehertuko da festa datorren ostiral arratsaldean

GOIZARIN

Badatoz Ihoteak! Datorren ostiraletik igandera bitartean Intxixuak, sorginak, basandereak, zakuak eta kuestazioa izango dira herrian Ihote taldeak antolatuta, inauterien aurreko asteburuan.

Ihoteak Oiartzungo ondare kulturalaren parte dira. Ihote Taldeak lan handia egiten jarraitzen du aspaldiko ohiturak berreskuratzen. Udalak taldearen ekimenekin bat egin du eta horiek bultzatzen ditu, herriko ondare kulturala gordetzen eta ezagutarazten laguntzen duelakoan. Horregatik, herritarrak animatu ditu heldu den asteburuan, Ihote Taldeak antolatu dituen ekintzetan parte hartzera.

Egitarau oparoa

Ostiralean, arratsaldeko 16:45ean lehertuko da festa. Beheko plazako biribilgunetik abiatuko da Burrunbaaa!, Ihoteei deia egiteko. Batukada moduan, Doneztebe plazara igoko dira gazte nahiz helduak, giro bikaina jarriz herriko bazterretan. Plazan, gero, txokolate gozoa eskainiko dute, indarrak berreskuratzeko.

Horren ondoren, plazaren apainketari helduko zaio. Eta festak aurrera jarraituko du Azeri- eta Sorgin-dantzarekin, 19:00etan. Ordu erdi beranduago Intxixuek eta Sorginek plaza hartuko dute eta auzoetako banderen igoera izango da. Gero, tabernaz taberna poteoa, denak zakuz jantzita.

Larunbat goizean, hilak 23, Oiartzungo ohitura zaharrari jarraituz, auzoetako taldeek etxez etxe eta baserriz baserri festa giroan Kuestazioa egingo dute, goizeko 09:00etan abiatuta. Poxpolinez jantzita joan behar dela gogoratu dute antolatzaileek. Hurrengo hitzordua 14:30ean jarri dute. Auzoetan barrena ibilitako koadrila bakoitzak bere elkartean egingo du bazkari legea. Gero, arratsaldeko 18:00etan Doneztebe plazara abiatuko dira, jai giroan. Azkenik, musika eta festa giroa ez dira faltako Kataxuloko txosna inguruan.

Igandean, hilak 24, goizeko 09:00etan Lartaun Txistulari taldeak diana joko du. 11:00etan Beheko plazatik karroxa eta kalejira alaia abiatuko dira. Eta azkenik, iluntzeko 19:00etan, Intxixu eta Sorginei agurra emateko tenorea iritsiko da. Bukatzeko, suzko akerra ibiliko da plazatik barrena.

Bertso berriak

Bestalde, aurtengo Ihoteetan bertso berriak entzungo dira Doneztebe plazan. Izan ere, hain ezaguna den «Intxixu dantza intzazu...» doinuari letra ederra jarri diote. Hauxe da norbaitek ikasi nahi badu ere: «Mitologia, misterioa / herri usarioa. / Kataxulon bertan bizi omen, / inork ez du ikusi, dena den. / Bi adar ditu, janzten da larruz, / Elkar ulertu keinuz ta orruz. / Erdi pizti, erdi humano, / Ez dago ero, ez dago sano. / Urtean behin, jeistean herrira, / Udaletxera igotzen dira / Ta ozen kantuan hasi oi gera / denak batera Intxixu, dantza intzazu (4 aldiz)/ Aiako harrian nahi dugu bizi, / Basandriekin batera hezi, / Sorginen sekretuak ikasi, / ama lurraren eskutik hazi, / humano izatetik ihesi, / ta piztiago bihurtzen hasi, / pozez dantzan hasi ohi gera».

Oiartzungo Ihoteak taldeak webgune berria estreinatu zuen duela pare bat urte. Hauxe da helbidea: oiartzungoihotik.eus eta bertan informazio guztia jarrita dago herritarren eskura. Jarraipena egiteak merezi du, oso orrialde txukuna da eta. Oiartzungo Ihote taldeak adierazi du datorren ostiraleko eta igandeko ekitaldiak ez direla hasiko segurtasun neurriak bermatzen direla ziurtatu arte. Beraz, «festa guztion gozagarri izan dadin», antolatzaileek emandako jarraibideak eta oharrak errespetatzea eskatzen dute.

Gazte zein heldu, festaz gozatzeko egunak datoz. Lagunekin elkartu eta primeran pasatzeko garaia izaten da, festa egiteko eta gozatzeko tenorea, neguko errutinak askatzeko tartea. Intxixu, dantza intzazu!