Haziak eguna bihar Oiartzunen

Haziak egitasmoan aiton amonekin ere jarduten dira haurrak. /  GARAÑO
Haziak egitasmoan aiton amonekin ere jarduten dira haurrak. / GARAÑO

Ekintza guztiak, txoko ezberdinetan banatuta, 17:00etan hasiko dira eta 18:30erako bukatzea espero dute

GARAÑO OIARTZUN.

Botere harremanak iraultzeko asmoz eta kontzientzia kolektiboa indartzeko ideiarekin batuko dira bihar arratsaldean Oiartzunen. Bertan, adierazteko modu ezberdinak daudela argi utzi nahi duten eta egiten dituzten gauzak kalera ateratzea eta ikusaraztea izango dute helburu. Lehenengo aldia izango da Haziak eguna ospatuko dena.

Biharko ekitaldian hainbat eragilek hartuko dute parte eta txoko ezberdinetan banatuko dira. Nekane Martiarena Haziak proiektuko kidea da eta berak azaldu duenez Hipatia Lorategia, Herriko plaza eta beste hainbat espazio ere erabiliko dira. Lorategian ipuin kontaketa egingo da eta Esan ipuinekin izena jarri diote txokoari. Plazan Mindara elkarteko kideak egongo dira Maitane Toledo hezitzailearekin eta Esan gorputzarekin txokoa jarri diote izena. Kontzejupe plazan Esan irudiarekin txokoa egongo da.

Ekintza guztiak 17:00etan hasiko dira eta 18:30erako bukatzea espero dute. Bukaerakoa ikuskizun kolektibo bat izango da eta udaletxeko areto nagusian egingo dute. Bertan, sortutakoa edota egindakoa partekatuko dute, kutxa magikoen bitartez. Martiarena bera eta Nora Barroso izango dira txoko horren arduradunak eta Esan marrazki bizidunekin da txokoaren izena.

Haziak proiektua

Haziak proiektua Oiartzunen martxan dagoen egitasmoa da baina eskualde osora zabaldu nahi dute festa eta baita ideia ere. Adin guztietako herritarrentzat da festa eta familia giro ederra espero dute.

Haziak egitasmoan botere harremanak lantzen dituzte. Martiarenak adierazi duenez, ez da eskolaren gain utzi behar dena eta gai hori denok landu behar dugula uste du. Horregatik, bakoitza gustukoen duen txokoan egongo den arren, bukaerako ekitaldiari eman dio garrantzia eta bertan denen artean sortuko den emaitza ikustera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Ziur dago zerbait polita aterako dela eta botere harremanak iraultzeko nahikoa indar badagoela aipatu du.

Adierazteko moduari erreparatuko diote larunbatean eta modu horretan, adierazpen modu asko daudela aldarrikatu nahi dute. Izan ere, norberak aukeratzen du bakoitzaren adierazpide mota eta baita zer adierazi nahi duen ere. Modu guztiak baliagarriak direla aipatzen dute eta ez dagoela bat eta bakarra.

Eguraldi txarra eginez gero, eremu batzuk aldatuko dituzte. Hain zuzen ere, Kontzejupe plazakoa Abaraxka ludoteka barruan egingo dute; Plazakoa, kontzejupean eta Hipatia Lorategikoa Manuel Lekuona bibliotekan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos