'Hazia heziz, loratu' leloarekin hasiko du matrikulazio kanpaina Haurtzaro Ikastolak

Roxali Otegi, Aritz Gonzalez, Ibintza Iragorri eta Iraia Etxebeste, matrikulazio kanpaina aurkezten.
/
Roxali Otegi, Aritz Gonzalez, Ibintza Iragorri eta Iraia Etxebeste, matrikulazio kanpaina aurkezten.

Aurkezpen-bilera asteartean, hilak 22, izango da; Ate Irekien Jardunaldia, berriz, hilaren 24an eta 25ean

GOIZARIN OIARTZUN.

'Hazia heziz, loratu' leloa hartu du aurten Haurtzaro Ikastolak 2019-2020 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkezteko. Aritz Gonzalez zuzendariak Haur Hezkuntzako irakasleekin egin du aurkezpen ekitaldia. «Matrikulazio kanpaina urtarrilaren 28n hasi eta otsailaren 8an amaituko da (biak barne). Bulego ordutegian egin beharko da: goizez, 08:30etik 13:15era, eta arratsaldez, 14:30etik 17:30era. Familia-liburua eta nortasun-agiriaren kopia aurkeztea beharrezkoa izango da», adierazi du.

Matrikulazio-epea zabaldu aurretik, guraso bilera eta Ate Irekien jardunaldia antolatu dira ikastolan. Informazio bilera datorren asteartean, hilak 22, izango da Urmendi Haur Eskolaren eraikinean, arratsaldeko 17:00etan. «Bilera euskaraz egingo dugu, baina gaztelerara aldibereko itzulpen-zerbitzua egongo da», argitu du zuzendariak.

Aurkezpen-bilera, asteartean

Aurkezpen-bileran Haurtzaro Ikastolako eta Haur Eskolako (0-6), hau da, Haur Hezkuntza osoaren hezkuntza proiektu integrala ezagutzeko parada izango da. Modu berean, geletara bisitak egingo dira. Saioan hizlariak hauexek izango dira: Ibintza Iragorri, Urmendi haur eskolako zuzendaria; Iraia Etxebeste, Urmendi haur eskolako koordinatzailea; Aritz Gonzalez, Haurtzaro Ikastolako zuzendaria; Roxali Otegi, Haurtzaro Ikastolako HH-ko ikasketaburua eta Izaskun Sistiaga, Haurtzaro Ikastolako HH-ko koordinatzailea.

Ate Irekien Jardunaldia

Ikastola gertutik ezagutu nahi duen ororentzat, bestalde, Haurtzaro Ikastolak ateak zabalduko ditu urtarrilaren 24an eta 25ean, goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:00etan eta 17:00etan. «Bertaratzen direnek Ikastolako lan egiteko modua eta ikastolako txokoak zuzenean ezagutzeko aukera izango dute», azpimarratu du zuzendariak. Ate irekietara joateko asmoa duenak aldez aurretik jakinaraztea eskatzen du Ikastolak, 943 49 16 59 telefonora deituz edota email bidez: idazkaritza@haurtzaro.ikastola.eus

Aritz Gonzalezek adierazi duenez, Haurtzaro Ikastolan ikasketa-prozesua hiru etapetan banatzen da, «eta horietako bakoitzean hezkuntza berrikuntzak garatzen ari gara». Jakin behar da, Ikastolen Elkarteak 3-16 urte bitarteko haurrentzako material didaktiko propioa lantzen duela.

Txien espazio berritua

Haurtzaro Ikastolak berrikuntza nabarmenak eginak ditu Haur Hezkuntzan. «Marko pedagogiko berria eta eraikuntza berria estreinatu genituen iaz», nabarmendu du zuzendariak, pozik. «Ikaslea dago Ikastolak egiten dituen ekintza eta programa guztien erdigunean. Ikasleak ongi sentitzea eta ikasteko motibatzea da gure lehentasuna. Horretarako, Haur Hezkuntzan, ikasle bakoitzaren erritmoak eta gogoak errespetatuko dituen marko pedagogiko berria jarria dugu martxan. Eraikina ere berritu egin genuen eta eguneroko jarduna haurraren garapenerako lagungarriak diren espazioetan antolatu genituen». Hortaz, «espazio ireki, argitsu eta goxoa dute haurrek».

Lehen Hezkuntzako ikasleek EKI-LH eta KiVa programan parte hartzen dute, mundu mailan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena. Bestetik, ingelesean murgiltzeko FIE programa ere lantzen da. «Aurten ere, esate baterako, bi asteko murgiltzea egin dute jatorrizko irakasleekin» nabarmendu du Gonzalezek.

Ikastolan egiten den azken urratserako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, EKI proiektua lehenetsi da. «Konpetentzietan oinarritzen dugu; ikasleak konpetentziak bereganatzen ditu, eta horiei esker, bizitzako egoera errealei aurre egiteko zailtzen dira. Konpetentziak eta digitalizazioa dira oinarri nagusiak, paperezko libururik apenas erabiltzen baita».

Aritz Gonzalezek gogoratu du gainera «Ikastolan jasotakoa emaitza akademikoetatik askoz haratago doa: lagunak, bizipenak, euskara, aurkikuntzak, jolasak, ospakizunak, emozioak... horiek guztiak dira Ikastolako haurren oroitzapenen kutxak betetzen dituztenak eta Ikastolako eskaintza berezi egiten dutenak. Horregatik Haurtzaro Ikastolan «Hazia heziz loratu» egiten da ikaslea.