Haurtzaro Mendi taldea bailarako txokoak ezagutzen ibiliko da bihar

Haurtzaroko mendizale taldea, Oielekun. /  GOIZARIN
Haurtzaroko mendizale taldea, Oielekun. / GOIZARIN

Arritxulo-Pikoketa zeharkaldia egingo dute mendizaleek eguraldia lagun dutela

GOIZARIN

Haurtzaro Mendi taldeko lagunek badute plana biharko. Izan ere, urrutira joan gabe Oiartzungo txokoak ezagutzen ibiliko dira ikastolako mendizaleak. Arritxulo-Pikoketa arteko zeharkaldia egingo dute, eguraldi ona lagun dutela. «Bihar goizean, Ikastolako aparkalekuan autobusa hartuko dugu eta Arditurriko meategira abiatuko gara. Handik oinez abiatuta, Arditurriko erreka jarraituz, Unaileku borda aldera igoko gara. Haren hegoaldean dauden errekak igarota, Olaunditura iritsiko gara», gaineratu dute.

Errepidea gurutzatu ondoren, bidezidorretik Arritxulora ailegatuko da Haurtzaroko espedizioa «hamaiketako goxo bat egiteko asmoz». Indarrak berreskuratu ondoren, «Aritxulegiko tunelaren gainaldetik San Pedro bidean barrena, Aiako Harriaren bista paregabeak ikusiz, Elurretxera iritsiko gara. Handik, malda behera, Pikoketara abiatu eta ikastolara itzultzeko autobusa hartuko dugu».

Irteera ordua, goizeko 09:00etan izango da ikastolako aparkalekutik. Eta itzulera ordua, berriz, eguerdiko ordu biak aldera. «Komeni da aldatzeko arropa eramatea», aholkatu dute antolatzaileek. Haurtzaroko Mendi Taldeari buruzko informazio gehiago eta zehatzago nahi duenak, ikastolako web orrira jo dezake: www.haurtzaroikastola.eus helbidera.

Ikasturtea amaitu aurretik beste hiru irteera aurreikusita dituzte. Hala, martxoaren 31n izango da hurrengo ibilaldia, Adarra mendira hain zuzen. Gero, maiatzaren 19an, rafting egitera joango dira Bidarrai aldera. Amaitzeko, ekainaren 1ean, Ikastolaren Egunaren harira, Ginkana mundiala antolatuko dute, urteroko hitzordu gustukoena.