Haurtzaro Ikastolako LH6koek elkartasun ekimen arrakastatsua burutu dute
GOIZARIN
Domingo, 3 de abril 2022, 00:02
Urtero, Haurtzaro Ikastolako LH6. mailako ikasleek elkartasun ekimen bat jartzen dute martxan ebaluazio bukaerako diziplinarteko konpetentzian. Aurten, ikasleek hala erabakita, bularreko minbizia duten pertsonei laguntzen dieten Katxalin eta Izan Inurri elkarteak sostengatzea adostu dute. Baita lortu ere. Ikasle gaztetxoek 6.000 euro bildu dituzte eta bi elkarteen artean banatu.
Publicidad
Proiektuaren hasieran, bi galdera hauen inguruan aritu ziren ikasleak lanean: 'Hobetu al dezakegu gure bizitza? Nola? Hobetu al dezakegu besteen bizitza? Nola?'. Galdera horiei erantzuteko Euskal Herriko eta Saharako bizi baldintzak eta baliabideak ezagutu, aztertu eta konparatu zituzten, eta ondorioak atera.
Saharari buruzko informazioa jasotzeko, 'El Watan' Saharako lagunen Oiartzungo elkartearen bisita izan zuten eta bere bitartez jakin zuten zein baldintzetan eta zein baliabiderekin bizi diren sahararrak. «Lanketa horretan besteengan pentsatzen eta beraien lekuan jartzen ikasi zuten», azpimarratu dute 6. mailako tutoreek.
Horren ondoren, «ebaluazio bukaerako diziplinarteko konpetentzian elkartasun ekimen bat planifikatu eta kudeatu behar zuten, eta ikasle guztien artean gauzatu».
Horrela, «mailako bilera batean adostu zuten norentzat eta noizko prestatuko zuten ekimen hori. Horrez gain, zein ekintzen bitartez dirua lortu zehaztu zuten. Hiru hauek izan ziren aukeratutako ekintzak horiek: elkartasun azoka antolatzea, errifak saltzea eta ikastolako geletan eta herriko hainbat komertziotan eta tabernetan eltzeitsuak jartzea», argitu dute.
Ikasleen artean, «hiru lan talde sortu zituzten, eta bakoitza nahi zuen taldean kokatu zen. Talde bakoitzak planifikatu eta antolatu zuen berari zegokion lana. Errifak saltzeko eta eltzeitsuak jasotzeko epe bat jarri zuten. Azoka, berriz, martxoaren 8an egin zuten Doneztebe plazan. Bertan, eskulanak eta jateko goxoak saldu zituzten gehienbat. Oso arrakastatsua izan zen», gogoratu dute tutoreek.
Publicidad
Katxalin eta Izan Inurri
Martxoaren 25ean, berriz, Haurtzaro Ikastolan izan ziren Katxalin eta Izan Inurri elkarteetako ordezkariak. Ikasleek esplikatu zieten dirua biltzeko hiru ekintza horiek nola planifikatu, antolatu eta kudeatu zituzten. Gero, elkarteetako ordezkariek, 5.932,69 euroko txekea jasotzeaz gain (ia 3.000 euro elkarte bakoitzarentzat), euren egitekoaren nondik norakoa azaldu zieten ikasleei. Ikasleek galdera asko egin zizkieten eta gustura erantzun zituzten, piztutako interesaz ohartuta. «Oso eskertuta agertu ziren ikasleek egindakoagatik: bai aurrez, bai topatu ziren egunean bertan izandako jarrera ikusita», aitortu dute.
Ikasleak eskertuta daude
«Ikasleek eskerrak eman nahi dizkiete Tolare jatetxeari, DIXIDU Diseinu Grafikoari eta zuzenean edo zeharka proiektua aurrera eramaten lagundu duten pertsona guztiei», jakinarazi dute tutoreek.
Azkenik, ohar garrantzitsu bat ere elkarbanatu dute, egindako lanaren hausnarketa gisa: «jakin ekimen hauekin ikasi dugula guk ere zerbait egin dezakegula besteei laguntzeko eta besteen bizitza hobetzeko».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión