Haurtzaro Ikastolako ikasleek irabazi dute 'Eman minutu 1' lehiaketaren 9. edizioa

Haurtzaro ikastolako ikasleak saria eskuan dutela, Bilbon. / GOIZARIN
Haurtzaro ikastolako ikasleak saria eskuan dutela, Bilbon. / GOIZARIN

Ikastolako lau ikus-entzunezko sailkatu dira aurtengo edizioan, lau sail ezberdinetan

GOIZARIN OIARTZUN.

Nahia Sanz Astibia, Aiora Mata Moreno, Maialen Mendez Rivas, Izaro Zapiain Benabides eta Iraitz Elizegi Rivera Haurtzaro Ikastolako DBH 1. mailako ikasleek irabazi dute 'Eman minutu 1' lehiaketaren 9. edizioa 'Bertsoz bertso kultura alaitzen' lanarekin. Saria Bilbon jaso zuten pasa den ostiralean, EITBko Multivox aretoan.

'Eman minutu 1' kategoria nagusiko sari gorena jaso dute oiartzuarrek, hau da, Nestor Basterretxearen 'Hilarri Solidarioa' eta dokumentalaren errealizazioa finantzatuko diete, guztira 5.000 euroko zenbatekoan.

2010ean Unesco Etxea - Euskal Herriko Unesco Zentroak martxan jarri zuen 'Eman minutu 1' ikus-en-tzunezko lanen lehiaketa. Horren helburua, mundu mailan giza eskubideekin zerikusia duten arazoei buruz gizartea sentikor bihurtzea eta kontzientzia zabaltzea da. Aurtengo edizioan parte hartu duten lanek interkulturaren alde egin behar zuten. «Guztiok berdinak garela eta eskubide eta betebehar berberak ditugula aldarrikatzen du 'Eman minutu 1' lehiaketak, eta denok defendatu behar ditugula pertsona guztien eskubideak. Inork ere ezin ditu eskubide horiek saihestu eta, hortaz, eskubideok urratzen diren tokian horiek babesteko betebeharra du», zioen aurtengo gaiak.