Haurtzaro ikastolako ikasleak, Santa eskerako prest

GOIZARIN OIARTZUN.

Neguko hotzak eta ilunak uxatzeko, euskaldunok baditugu aspalditik baliabide eta ohiturak. Festak, ospakizunak eta mokadu goxoen bueltan antolatutakoak izan ohi dira. Otsaila, esate baterako, ospakizunez betetako hilabetea izan ohi da. Kandelerio eguna, San Blas eguna, eta otsailaren 4an, Santa Ageda bezpera; gero, Ihoteak... Santa Ageda bezpera izan liteke Oiartzungo bailaran oihartzun gehien izaten duen ospakizuna. Makila eskuan eta txapela buruan, ikastetxeetako ikasleak zein helduak aritzen dira santa eskean ilunabarrean hasita, kriseilua lagun, herritarrek estanpa zahar horrekin gozatzeko aukera izan dezaten.

Haurtzaro ikastolako gaztetxoak hasi dira entsegu lanetan. Izan ere, Santa Ageda bezperan kalez kale ibiliko dira, 'Zorion etxe honetako denoi...' kantari. Horrela, zortzi eta hamabi urte bitarteko gaztetxoak Iturriotzen eta Elizalden barrena ibiliko dira, 14:30etik 16:30era; 12 eta 16 urtekoak, berriz, Elizalde, Iturriotz eta Ugaldetxo auzoetan, 18:00etatik 20:00etara.