Haurtzaro Ikastolako lau idazle gazte nabarmendu dira Azkue Sarian

Haurtzaroko ikasle sarituak epamahaiko eta Euskaltzaindiako kideekin. /  GOIZARIN
Haurtzaroko ikasle sarituak epamahaiko eta Euskaltzaindiako kideekin. / GOIZARIN

Oiartzo Batxilergo ikastolako ikasle oiartzuar bat ere saritua izan da

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den ostegunean, Malen Etxebeste Lekuona, Mattin Etxebeste Sanzberro, Aitz Aranburu Mutiloa eta Oihane Retegi Arruti, Haurtzaro ikastolako ikasleak, eta Oiartzo Batxilergo Ikastolako Anne Arrizabalaga Ruiz oiartzuarrak jaso zuten Azkue Literatur Saria, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian. Euskaltzaindiak berak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzten sari horiek idazle gazteak literatura mundura erakartzeko asmoz sortuak dira.

Jakina denez, bi genero saritzen dira Azkue Sarietan: narrazioa eta olerkia. Genero bakoitzak bi kategoria ditu: A maila, 10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 14 eta 17 urte bitartekoentzat. Genero literario bakoitzean hiruna sari eman ditu Euskaltzaidiak, 180 eta 300 euro bitartekoak.

Horrela, DBHko 2. mailako hiru ikasle nabarmendu dira A sailean: Oihane Retegik 'Berri txarrak besterik ez' narrazioaren alorreko lehen saria eskuratu du; Mattin Etxebestek 'Eguzkiaren itzalpean' ipuinarekin, bigarren saria eta Haitz Aranburuk lehen saria lortu du 'Orri zuri huts bat' olerkiarekin. Bestalde, DBH 1. mailako Malen Etxebeste ikasleak bigarren saria eraman du 'Zure besoetan nagoenean' olerkiarekin. Azkenik, Oiartzo Batxilergo Ikastolako Anne Arrizabalaga ikasle oiartzuarrak hirugarren saria lortu du 'Hitzak hots' poesiarekin.

Aurten, «lan originalak eta gai indartsuak» ikusi dituzte epaimahaikideek, idazle gazteek grina eta heldutasuna erakusten dutela azpimarratuz. «Ondo landutako gaiak ikusi ditugu, eta, era berean, hausnarketarako bide ematen dutenak», adierazi dute epaileek.

Idazleen harrobi

Resurreccion Maria Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateekin, eta 1990a arte iraun zuen. Urte haietan ez zen gaztetxoentzako saria, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991etik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria. Oiartzuarren artean, berriz, Goiatz Labandibar idazleak jaso du inoiz Azkue saria.

Ez da lehenengo saria Haurtzaro ikastolako ikasleentzat. Hainbat urtetan irabazi baitituzte ikastolako idazle gazteek Euskal Herri mailako literatura sariak. Arlo honetan, eguneroko lanean zintzo eta temati saiatzen diren seinale. Zorionik beroenak ikasleei eta ikastolari, bereziki idazteko zaletasuna sustatzen eta indartzen lanean ari diren irakasleei.