Haurtzaro Ikastolak gonbidatuta, Zuberoako ikasleak Oiartzunen

Talo jate ederra egin duten elkarrekin. / GARAÑO
Talo jate ederra egin duten elkarrekin. / GARAÑO

GARAÑO OIARTZUN.

Azken urteotan bezala, Zuberoako Aloze herriko Basabürüa ikastolatik hogeita bat ikasle eta bi irakasle etorri dira Haur-tzaro Ikastolako lagunak gonbidatuta, bi egun igarotzera. «Haurtzaron, Lehen Hezkuntzako 4. mailan ikasleen elkartrukea egiten dugu, Zuberoako bi herritako ikastolekin, Aloze herriko Basabürüa eta Xouta herriko Eperrak ikastolekin», adierazi du Xabi Salaberriak, LHko ikasketaburuak. «Gero, ikasturte amaieran gure ikasleak haiengana joango dira, bisita itzultzera», gaineratu du.

Esan bezala, pasa den ostegunean Basabürüa ikastolakoak etorri ziren eta eguna Zumaia aldean pasa ondoren, arratsalde partean egin zieten ongietorri beroa Haurtzaro Ikastolan. «Gurasoen laguntzarekin, afari-merienda eder bat egin genuen», zehaztu du Salaberriak. «Taloak egiteko aukera ere izan zuten bertaratu ziren guztiek». Gero, jolasean eta kantuan ibili ziren Haurtzaroko ikasleekin batera.

Oiartzungo kaskoa ezagutzen

Ostiraleko goiz partea Haurtzaroko ikasleekin pasa zuten eta herria ezagutzeko aukera izan zuten. «Kaskoa bisitatzen ibili gara eta adi-adi entzun dituzte Oiartzungo gaztetxoen adierazpenak». Arratsaldean, berriz, Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagutzeko parada izan zuten Zuberoako ikasle-irakasleek.

Bi egun primeran igaro ondoren, ilunabarrean abiatu ziren berriro ere Alozera. Tarte horretan bizipen eta laguntxo berriak eginda, orain Haurtzaroko ikasleak hara noiz joango diren zain geratu dira.

Izan ere, ekainean Haurtzaroko LH 4. mailako ikasleek Zuberoa ezagutuko dute, elkartruke proiektuaren baitan. «Hiru egun igaroko ditugu haiekin batera. Mauleko aterpetxean hartuko dugu ostatu eta, besteak beste, Kakueta eta Mauleko gaztelu ospetsua bisitatuko ditugu. Aloze eta Sohutako ikasleekin igaroko dugu bigarren eguna, baita bazkari eta afari garaiak ere», argitu du Salaberriak.

 

Fotos

Vídeos