Haurtzaro ikastola eta Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa elkartrukean

Haurtzaroko eta Behe Nafarroako ikasleak elkarrekin, Arditurriko parketxean. / GOIZARIN
Haurtzaroko eta Behe Nafarroako ikasleak elkarrekin, Arditurriko parketxean. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Hiru egunez Behe Nafarroako Larzabalgo Manex Erdozaintzi kolegioko 58 ikasle Oiartzunen izan dira Haurtzaro Ikastolako DBH 1. mailako ikasleekin hitzartuta daukaten elkartrukea gauzatzeko.

Euskal Herriko mugaz bi aldeetako ikastolen arteko harremanak lantzeko helburu duen ekimenak arrakasta izan du eta bi taldeek elkarrekin oso egitarau oparoa burutu dute. Asteazkenean, esate baterako, herria erakutsi eta joko kooperatiboak egin ondoren elkarrekin bazkaldu zuten. Arratsaldean Oiartzungo familiekin elkartu eta haien etxeetan hartu zuten ostatu.

Ostegunean, Pasaia Donibanera joan ziren oinez eta Pasaiako txalupa hartuta San Pedrora igaro eta Albaolako museoa bisitatu zuten. Arratsalde partean, Donostiara joan ziren eta hondartzan ibiltzeko parada izan zuten. Azkenik, ostiralean Arditurriko meategia ezagutu zuten, bertara joateko trena hartuta.

Haurtzaroko gaztetxoak ekainaren 17an joango dira Behe-Nafarroara hiru egun pasatzera, elkartrukeari segida emateko. Besteak beste, Donibane Garazi, Santa Engrazi, Kakueta eta Otsozelaia harpeak bisitatuko dituzte.

Aukera polita, beraz, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen gerturatzeko; euskalkien ezagutza landu eta euskararen erabileran eragiteko; kulturen arteko elkartrukea egiteko eta euskal ohitura eta bizimoduen ezagutza gauzatzeko.

Hizkuntza proiektua

«Ikastolako Hizkuntz Proiektua euskararen erabilera eraginkorra egiteko, garatzeko eta indartzeko konpromisoarekin sortu zen, baita euskal hizkuntza eta kultura bere osotasunean transmititzeko ere», adierazi du Aritz Gonzalez Haurtzaro Ikastolako zuzendariak. Horrela, «euskal kultura ezagutzeko, ulertzeko, sentitzeko eta harekin erlazionatzeko aukera eskaintzen du, gurearekin kontaktuan dauden beste kulturak elementu positibotzat hartuz eta ezagutuz. Horrekin, norberaren kultura aberastuz eta mundura zabalduz, ikasleari bere nortasuna eraikitzeko aukera eman nahi zaio», gaineratu du.

Horrela, ikastolako euskal komunitatea indartu asmoz, ikastolan Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikasleak elkar ezagutzeko bidea sendotu nahi du Haurtzaro Ikastolak.

Helburu horrekin, ikasleen esparruan, bi proiektu bideratzen dira Haurtzaron: Elkarrekilan Euskal Herria egitasmoa, «LH 3 eta 4an kokatu dugun Zuberoako bi ikastolekin harreman eta elkartruke proiektua. 2014-15ean eman genion hasiera proiektu honi eta ikasturte honetan sendotzen ari gara. Horrela, LH 4ko ikasturte bukaerako ibilaldia, ekainean, Maulera egingo da, eta Basaburua eta Eperrako ikasleekin harremanetan jarriko dira han. Hango ikasleak, berriz, Oiartzunen izango ditugu ekaina erdialdera», nabarmendu du zuzendariak.

Bigarren proiektuan, Elkarrekin Bizi(hi)tzan, EKIko DBH 1. mailako unitateak hala proposatuta, DBH 1. mailako Hegoaldeko eta Iparraldeko ikasleen arteko elkartrukea bideratu dute bigarren aldiz. Behe Nafarroako Larzabal herriko Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioko ikasleekin on-line aritu dira lehenik, eta pasa den astean aurrez aurre elkarrekin egoteko aukera izan dute, orain Oiartzunen, ekainean Larzabal inguruan ere.