Haurtzaro Dantza taldea Eugiko Dantzari Txiki Egunean

Oiartzungo dantzariak Nafarroako Eugi herrian izan ziren. / BASTEROBERRI
Oiartzungo dantzariak Nafarroako Eugi herrian izan ziren. / BASTEROBERRI

Elkartrukea burutu dute Oiartzun eta Eugiko dantza taldeek

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Aurreko larunbatean, Haurtzaro Dantza taldeko lagunak Nafarroako iparraldean ibili dira, Eugiko dantzari txiki egunean parte hartzen. «Gonbidapena luzatu ziguten eta baiezkoa eman genien. Egun paregabea pasa genuen bertan», adierazi dute Haurtzaroko dantzariek.

Gonbidatuen artean Eugi eta Oiartzungo dantzariez gain, Lizarrako, Baigorriko, Durangoko eta Bizkarretako dantzari gazte ugari ere bazeuden eta elkarrekin Eugiko kale eta plazak euskal dantzez alaitu zituzten.

Goizeko 9:00etan Oiartzundik atera eta 11:30ean Eugin kalejirari hasiera eman zitzaion. Gero, ordu batak aldera ekitaldi nagusia egin zen herriko plazan. «Amaieran, bazkari herrikoiaz gozatu ahal izan genuen dantzari, musikari, irakasle eta dantzazale guztiok», gaineratu dute.

Emanaldi dotorea

Dantzari Txikirako gonbidapenaz gain, ordea, arratsaldeko ekitaldian parte hartzera eta bertan afaltzera ere gonbidatu zituzten Haurtzaro Dantza Taldeko dantzariak eta beraz, arratsaldean Eugiko eta Oiartzungo dantzariek elkarlanean ordu beteko emanaldi dotorea eskainia zuten. Egunari eta elkartrukeari amaiera emateko afaldu eta ilunabarreko 21:30ean irten ziren oiartzuarrak Nafarroako Pirinio aldetik.

Bejondeizuela halako egun dotorea eskaini zenuten Haurtzaroko dantzari talde urdin eta horiari eta «eskerrik beroena Eugiko dantzariei gonbidapena luzatzeagatik. Hemendik bi urtetara berriz elkar ikusiko dugu, lehenengo Oiartzunen eta bigarrenez, Eugin». Izan ere, nafarrek aurtengo Oiartzungo Dantzari Txiki Egunean ez zuten huts egin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos