Hamazazpi emakumek eskatu dute laguntza genero indarkeriarengatik azken bi urteetan Oiartzunen

Udaletxeko balkoian jarri zuten pankarta. / GARAÑO
Udaletxeko balkoian jarri zuten pankarta. / GARAÑO

Aurten bederatzi kasu berri identifikatu ditu Udalak

GARAÑO OIARTZUN.

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izaten da. Indarkeria matxistak gaur eta hemen mila aurpegi ditu. Horien artean nabarmenetako bat, genero indarkeria kasuak dira. Euskal Herrian, 2018an, bederatzi emakume hil ditu indarkeria matxistak. 2003tik, 98 emakume eta 11 ume hil dituzte (Berriaren datuak).

Oiartzun ez da genero indarkeriarik gabeko eremu isolatua. Udalaren zerbitzuek azken bi urteetan 17 laguntza eskaera jaso dituzte (aurten bakarrik, 9 kasu berri identifikatu dira). Gaur egun, udal zerbi-tzuek bederatzi kasu artatzen dituzte. Genero indarkeria pairatzen duten emakume askok seme-alabak dituzte: bederatzi haur oiartzuar daude egoera horretan. Egoera honi aurre egiteko ezinbestekoa da gizarte-ereduan eragitea. Bitartean, Udala genero indarkeria pairatzen duten emakumeekin zuzenean lan egiten duten udal langileen formakuntzan eragiten ari da -udaltzain eta gizarte zerbitzuetako langileak-.

Azaroko ohiko plenoa bihar

Bihar izango da azaroko ohiko plenoa eta arratsaldeko 19:00etan jarri dute zita. Bertan, 2018ko euskararen nazioarteko egunaren inguruan aurkeztutako adierazpena irakurriko dute, azaroaren 25ean emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunari buruz EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa egingo dute, 2019ko aurrekontuan behin behineko onarpenaz hitz egingo dute, Oiartzun eta Errenteria udalen arteko lankidetza-hitzarmena onartuko dute, hondakinen bilketarako kudeaketa-mandatua formalizatzekoa...

Gainera, 2019. urterako Udaleko Osasun Jardueren Plangintza Txostenaren aurkezpen eta onespena ere egingo da eta baita Oiartzungo Bake Epaile titularraren izendapen proposamena ere. 2019 -2021 diru-laguntzen Plan Estrategikoaren onarpena eta 2019 urteko familiei laguntza eskaerak bideratzeko oinarrien onarpena ere burutuko dute bihar arratsaldean. Horiek eta beste hainbat gai izango dituzte hizpide, esan bezala, bihar arratsaldean Udaletxeko Areto Nagusian.

 

Fotos

Vídeos