Hamarnaka lagun Munuaundin, urtero legez

Familiako argazkia Munuaundiko gurutzean. / GOIZARIN
Familiako argazkia Munuaundiko gurutzean. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Urtero legez, atzo San Isidro eguna ospatu zen Munuaundiko kaskoan. Eguraldia lagun, haur, gazte eta helduak bertaratu ziren Joxe Mari Garmendia apaizarekin arrosarioa errezatzera. Gero, gurutze ondoan elkartutakoek propio prestatutako mokadu gozoak eta sagardo freskoa probatu zituzten. Toka txapelketan ere ibili ziren gaztetxo nahiz helduak, baita kilkerrak harrapatzen ere.

Munaundiko gurutzea Bigarren Errepublika garaian (1935ean) auzolanean eraikitakoa da, ekaitz txar batek jo eta uzta honda-honda egin ondoren. Gurutzea eraikiz geroztik ez omen da horrelakorik ezagutu, eta askok eta askok fede handia diote.

Garai batean maiatzaren 15a nola ospatzen zen gogoratuko digu Mariano Ostolaiz zenak. Iturrioztarrak bere bizitza kontatu zuen 'Oroipen-kutxa' izeneko liburuan, Auspoak 1985ean argitara emana. Hantxe irakur daiteke ondoko pasartea, San Isidro egunari dagokiona: «Maiatzaren 15'an, San Isidro eguna etortzen zen, baserritarren festa. Goizean meza nagusia izaten zen, eta ondoren baserritarrek beren bazkaria ospatzen zuten. Ezagutu izan dut nik Estankoan (gaur egungo Miren tabernan) aski festa polita. Mitxelena eta Paulo Txikia ikusi eta entzun izan ditut bertsotan. Egun alaia izaten zen ura oso. Arratsaldetik Munuaundi'ko mendi eta gurutzera joaten ginen, errosarioa esatera. Gero Txikierdi 'ra, eta or bukatzen zen festa».