Gurutzeko festak izango dira datorren asteburuan

Haurrek pottokak eta zezen txikiak ikusteko aukera izango dute igande arratsaldean./GOIZARIN
Haurrek pottokak eta zezen txikiak ikusteko aukera izango dute igande arratsaldean. / GOIZARIN

Egitarau zabala antolatu dute eta Nikolas Urdanpilletari aitortza egingo zaio antzerkiaren inguruan egindako ekarpenarengatik

GOIZARINDVOIARTZUN@HOTMAIL.COMOIARTZUN.

Gurutzeko Festa Batzordeak, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin, auzoko festak antolatuko ditu heldu den asteburuan. Egitarau oparoa prestatu dute beste behin ere, eta auzotarrak antolatutako ekintzetan parte hartzea nahi dute.

Irailaren 13an, ostirala, arratsaldeko 16:30ean lehen suziria botako dute aurtengo festei behar bezalako hasiera emateko. Modu horretan, festa giroa zabalduko da auzoko txoko guztietara. Jarraian, haur eta gaztetxoentzat jolasak hasiko dira eta Gurutze auzoan barrena Ginkana egingo dute.

Gero, 18:00etan pin-pon txapelketa jokatuko dute. Saririk ez da faltako irabazleentzat: bi lagunentzat afaria Toki tabernan. Segidan, indarberritzeko txokolate gozoa eskainiko dute. Eta gaztetxoen festa behar bezala amaitzeko, buruhandiak ez dira faltako. Ilunabarreko 20:00etan Enkartelada iragarri dute. Horren ondoren, mahaiak jarrita egongo dira auzoko frontoian eta bokata ederrak jateko aukera eskainiko dute antolatzaileek.

Gaueko 21:30ean Antzerki Gaua hasiko da: Goiatz Labandibar idazle oiartzuarraren 'Behin mundua berea izan zen' ipuinean oinarritutako elkarrizketa Lohizune Telletxea eta Luis Mitxelena aktoreekin. Horren jarraian, Gurutze auzoan antzerkiaren inguruan egindako ekarpenagatik Nikolas Urdanpilleta auzotarrari aitortza egingo zaio. Horren adierazle izango da duela 25 urte auzoan interpretatutako 'Arta zuriketan' antzezlana proiektatuko da. Azkenik, gaueko 22:00etan XXXX. Truk txapelketa jokatuko da Bizardia elkartean.

Patata-tortilla lehiaketa

Larunbatean, hilaren 14an, goizeko 11:00etan X. patata-tortilla lehiaketa hasiko da eta gero, sariak banatutakoan, prestatutako tortillekin koadrila-bazkaria egingo dute auzotarrek elkarturik. Tortilla egiteko osagaiak bertan izango dira aukeran.

Arratsaldeko egitaraua bertan behera geratuko da, festa batzordeak horrela erabakita. «Onintza Ostolaza eta gainerako 46en alde Bilbon deitua den deialdiarekin bat egingo dugu», adierazi dute Festa Batzordeko kideek.

Gaueko 21:00etan, Kantu afari herrikoia hasiko da. Kantatzea gustuko duen edozein herritar gonbidatu nahi dute antolatzaileek. «Hori bai, norbere gain afaria».

Igandean, hilaren 15ean, goizeko 09:00etan goiz eresia izango da txistulariekin, auzotarrak esnatzeko. Gero, 10:30ean auzo-meza izango da auzoko hildakoen alde eta 11:30ean eskuz eta palaz pilota partidak ere izango dira Gurutzeko pilotalekuan. Jarraian, Oiartzungo dultzaina taldeak auzoa alaituko du. Eta goizari amaiera emateko, toka txapelketa.

Bertso bazkaria

Eguerdiko 14:00etan, berriz, bertso bazkaria hasiko da Jon Otegi eta Jokin Irastorza bertsolari oiartzuarrekin, Bizardia elkartean. Izena emateko telefono zenbaki hauetako batera deitu behar da 606 639 097 (Mari Jose) edo 669 776 930 (Iosune).

Arratsaldeko 17:30ean 'Mazka itte' lehiaketa ikusteko parada izango da. Jarraian, 18:30ean pottokak, zezen ttikiak... ez dira faltako auzoko gaztetxoentzat, 'Gorriti show' hain zuzen. Horren ondoren, buruhandiak, ttikien gozamenerako. Eta 20:00etan sardina jateko aukera aparta, propio jarritako mahaietan, auzoko plazan. Eta ilunabarreko 20:30ean, zezensuzkoak eta azken suziriek amaiera emango diete aurtengo festei.