Gure Zirkuak Oiartzunen hasiko du denboraldi berria datorren ostiralean

Gure Zirkuko karpa dagoeneko Ormazabal-eneako aparkalekuan dago jarrita. / GOIZARIN
Gure Zirkuko karpa dagoeneko Ormazabal-eneako aparkalekuan dago jarrita. / GOIZARIN

Sei egunetan hamaika emanaldi eskainiko ditu Ormazabal-enea etxe ondoko aparlekuan jarri duten karpan

GOIZARIN OIARTZUN.

Ormazabal-enea etxe ondoko aparkalekuak ikuskizun berezia hartuko du maiatzaren 3tik aurrera eta 12ra bitarte, Gure Zirkuak bigarren denboraldia hasiko baitu Oiartzunen. Iker Galartza Amezketako aktoreak zuzendutako taldeak euskaraz ere zirkoa egin daitekeela erakutsi zuen iaz, eta aurten, Udalaren laguntzarekin, berriz ere jendea harrituta uztera dator. Dagoeneko Ormazabal-eneako aparkalekuan (Elizalde auzoko Elorrondo kalean) jarrita dago karpa. Udalak adierazi duenez, bi astez ezingo da bertan aparkatu.

Sei egunetan 11 emanaldi egingo ditu zirkoak Oiartzunen. Sarrerak astelehenetik, hilak 15, salgai egongo dira Interneten, 12 euroren truke. Hilaren 29tik aurrera, berriz, zirkuko txarteldegian ere izango da sarrerak erosteko aukera.

Arestian esan bezala, maiatzaren 3an emango dio hasiera Gure Zirkuak, bi saiorekin: arratsaldeko 18:00etan eta ilunabarreko 20:30ean. Maiatzaren 4 eta 5ean ere bi saio aurreikusi dituzte, 17:00etan eta 19:30ean. Hurrengo saoiak maiatzaren 10ean izango dira, arratsaldeko 18:00etan eta ilunabarreko 20:30ean. Maiatzaren 11n, arratsaldeko 17:00etan eta 19:30ean. Eta azken ikuskizuna maiatzaren 12an izango da, goizeko 12:00etan.

Euskal Herrian sortutakoa da Gure Zirkua, eta bertako artistekin osatua dago, horietako batzuk eskualdekoak. Alanbre gainean Garazi Pascual lasturtarra ariko da, trapezioan Iraitz Lizarraga zizurkildarra, akrobaziak egiten Koldo Arakistain zarauztarra izango da, magia egitearen ardura Asier Kidam gasteiztarrak izango du, malabarrekin jolastekoa Ekain Ibarguren azpeitiarrak, eta Irati Gonzalez iruindarra telak eta akrobaziak egiten ariko da. Joseba Usabiaga tolosarra 'Don Martin' pailazoa izango da, eta Galartza 'Poxpolo' pailazoa. Azken biek egingo dituzte aurkezpen lanak ere.

Galartzak nabarmendu du zirkua erabat euskalduna dela. «Zirkua gure ametsa da eta gure ametsak gure hizkuntzan bizitu nahi ditugu». Emanaldiak euskaraz izango dira. Izan ere, «gure hizkuntza euskara da, euskaraz bizi gara, eta, beraz, zirkua ere euskaraz egiten ari gara».

Ametsak betetzen ari da Galartza. «Poliki-poliki bagoaz aurrera, gure ametsak osatzen. Bigarren denboraldiari hasiera emango diogu, ilusio osoz», gaineratu du. «Guregana etortzen denak poza ikusiko du, lagun talde baten ilusioa. Era guztietako numeroak eskainiko ditugu: trapezioa, umorea, telak airean, akrobaziak, magoa, malabaristak, pailazoak, abestiak... Ordu eta erdiz gozatzeko parada izango dute ikusleek». Galartza oso eskertua dago Oiartzungo Udalarekin. «eman digun aukera honengatik».

Sarrerak salgai

Interneten jarritako ikuskizuneko sarrera guztiak agortu badira ere, oraindik badago sarrerak erosteko aukera. «Emanaldi bakoitzeko sarreren %25a leihatilan zuzenean salduko dugu», adierazi du Iker Galartzak. Horretarako, datorren astelehenean, hilak 29, eros ahal izango dira zirkuaren parean dagoen txarteldegian, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.