Gora Xanistebanak kros herrikoiak emango die hasiera festei

Partaideentzat oparia. /  GOIZARIN
Partaideentzat oparia. / GOIZARIN

Bigarren ediziorako ere bost kilometroko ibilbidea bete beharko dute partaideek

KOXKOOIARTZUN.

Aurreko urtean antolatu zuten lehenengo aldiz lasterketa labur bezain erakargarri hau. Xanistebanetan jan, edan eta parranda egiteaz gain kirola egiteko aukera paregabea izango da. Datorren abuztuaren 2an, haurrak 16:30etan ekingo diote saioari, helduek, aldiz, 17:00etan.

Lehen edizioko bost kilometroko ibilbide bera izango du lasterketak, edonork egin dezakeen ibilbidea. Oiartzungo plazatik hasiko dira korrikalariak eta Landetxe plazan barrena Ugaldetxo aldera joango dira maldan behera. Tartalo pizzeriaren inguruan bihurgunea hartuko dute ezkerrera eta hilerrian barrena, Elizalde Herri Eskolara ailegatuko dira. Bukatzeko, Elorsoro eta Belutenetik pasa ondoren plazara helduko dira. Bi bira emango dizkiete ibilbide honi.

Aurten, berritasun batekin dator lastekera. Izena emateagatik, Oiartzungo produktu sorta zoragarria banatuko da. Sorta osatuko dute, Zitueneko pastek, Baleioko sagardoak, Pagoako garagardoak eta Laboreko olioak. Izena emateko www.herrikrosa.eus webgunera jo behar da. Haurrek doan parte hartuko dute eta helduek bost euro ordainduko dituzte. Egunean bertan izena emanez gero, zortzi euro ordaindu beharko dira.

Ekitaldia antolatzeaz arduratu dira, Haurtzaro Atletismo Taldea, Intxisu Trail eta Girizia elkartea.