Giro ederrean ibili dira gazteak Oianlekun

Adin ezberdinetako gazteak animatu ziren irteerara. / GARAÑO
Adin ezberdinetako gazteak animatu ziren irteerara. / GARAÑO

GARAÑO OIARTZUN.

Larunbatetik iganderako gaua magikoa izan zen herriko gazteentzat. Oihartzun Gukek antolatuta asteburua pasa egin zuten Oianlekun. Larunbatean goizeko 11:00etan gelditu ziren gaztetxean eta tortila patata gosaldu ondoren, Oianlekura abiatu ziren oinez. Iritsitakoan, elkarrekin bazkaldu zuten denek eta bazkalostean jolasak egin zituzten. Arratsaldea kantuan, baloiarekin jolasean eta basoan lasai pasa zuten. Afari goxoa prestatu zuten guztientzat antolatzaileek eta gero beldurrezko istorioen tartea izan zen. Ederki pasatu zuten iluntasunean eta, gainera, izar uxoak ikusteko aukera eduki zuten.

Bertan egondakoek «mundiala» izan zela aipatu zuten, batzuek inoiz ikusi gabe baitzituzten izar uxoak: «Eguraldi bikaina egin zuen eta zerua garbi-garbi zegoen. Behin baino gehiagotan ikusi genituen izar uxoak pasatzen. Zoragarria izan zen». Ondoren, kantaldia egin zuten eta hainbat izan ziren gitarra eskuan abestera animatu zirenak.

Igandean zaldien zintzarriek esnatu zituzten gazteak eta eguraldi bikainarekin gosaldu zuten. Goiza lasai xamar pasa ondoren, bazkaldu eta herrira abiatu ziren. «Esperientzia polita» izan dela aipatu dute, adin ezberdinetako gazteak elkarrekin ederki pasatu baitute. Bidean batzuk nekatu ziren arren, merezi izan zuela esan zuten. Denetik eduki dute: momentu nekagarriak, beldurgarriak baina baita zoragarriak ere. Hurrengorako zai gelditu dira batzuk, «errepikatzekoa izan dela» zioten beste batzuk. Herriko gazteak harremanak sendotzen ari dira gaztetxeari esker eta antolatzaileak oso pozik agertu dira parte hartzearekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos