Giro ederrean hasi ziren Gurutzeko festak

Haurrak gustora ibili ziren Gorritiren poni eta zezen txikiekin. /  ARGAZKIAK GARAÑO
Haurrak gustora ibili ziren Gorritiren poni eta zezen txikiekin. / ARGAZKIAK GARAÑO

GARAÑO OIARTZUN.

Ostiralean, eman zioten hasiera festari arratsaldeko 19:45etan eta jende andana bildu zen auzoan suzirien hotsekin. Ondoren, enkartelada izan zen auzoan barrena eta gaueko 21:00etan kantu afari herrikoia egin zuten. Egunari amaiera emateko XXXIX. Truk Txapelketa izan zen gaueko 22:00etan Bizardia elkartean eta auzoko bik irabazi zuten lehen saria: Nikolas Urdanpilleta eta Joxe Joakin Galardi.

Larunbatean IX. Tortila txapelketa egon zen eguerdian eta arratsaldean giro bikaina izan zuten auzoan: pin-pon txapelketa, txokolatada, buruhandiak... Ilunabarrean bertan bokata goxoak afaltzeko aukera egon zen eta horren ostean, antzerki gaua: Zinema paradise (Txiribuelta) eta Hozkailua (Artedrama) ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Igandea izan zen festen azken eguna eta egun osoko egitaraua zuten antolatuta. Goiz eresiarekin hasi zuten eguna eta ondoren meza nagusia izan zen. Pilota partida ikusgarriak jokatu ziren auzoko frontoian eta toka txapelketa ere izan zen. Dultzaineroak auzoa alaitu zuten haien musika ederrarekin. Bertso bazkari mundiala izan zen auzoan Jon Martin eta Ander Lizarralderekin eta arratsaldean 'Mazka ittea' karretilakin lehiaketa eta Gorriti show-a bere poni eta zezen txikiekin. Lehen lehiaketa horretan Rekarte aita semeek irabazi zuten. Festei amaiera eman zieten zezen suzkoarekin. Aurten ere giro onik ezta falta izan gurutze auzoan eta antolatzaileak oso pozik azaldu dira egon den parte hartzearekin. Eguraldia lagun izan zuten gainera eta asteburu biribila izan dela aipatu dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos