Giro ederrean amaitu dira Gurutzeko festak

Nikolas Urdanpilleta omendu zuten./ARGAZKIAK: GOIZARIN
Nikolas Urdanpilleta omendu zuten. / ARGAZKIAK: GOIZARIN

Festa batzordeak ekimen ugari antolatu du eta jai giroa izan da nagusi

GOIZARINOIARTZUN.

Igandean amaitu ziren Gurutze auzoko festak giro ederrean, hiru egunez jai giroen ibili ondoren. Festa batzordeak prestaturiko egitarauak izan du arrakasta eta makina bat lagun elkartu da hiru egunetan zehar Gurutze auzoan.

Ostiralean, Antzerki Gaua izan zen ekimenik arrakastatsuena. Auzoko frontoia lepo bete zen. Lohizune Telletxea eta Luis Mitxelena aktoreek Goiatz Labandibar idazle oiartzuarraren 'Behin mundua berea izan zen' ipuinean oinarritutako elkarrizketa interpretatu zuten.

Gero, Gurutzen antzerkiaren inguruan egindako ekarpenagatik Nikolas Urdanpilleta Lekuona auzotarrari aitortza egin zitzaion. Emeren Gelbentzuk egin zituen aurkezpen lanak eta hasteko Nikolasi eskertu zion auzoaren alde egindako lanarengatik, nahiz pilotan, nahiz ehizan, nahiz antzerkian. Oholtzara txalo artean igo zenean, Urdanpilletak aitortu zuen berak idatzitako antzezlanik kuttunena 'Pikoketako bilera' izan zela, umore aldetik batik bat. Ondoren, oroigarri batzuk eman zioten Urdanpilletari, baita bertso batzuk kantatu ere. Bukatzeko, Urdanpilletarekin lan egin zuten auzoko aktore ohiak igo ziren oholtzara une gogoangarri hura argazki batean jasotzeko. Azkenik, Urdanpilleta zuzendari zela, auzoan duela 25 urte interpretatutako 'Arta zuriketan' antzezlana proiektatu zuten.

Bien bitartean, Aldeguna elkartean XXXX. Truk txapelketa jokatu zen. Guztira 43 bikote elkartu ziren, gizonezko zein emazteak. Imanol Galardi eta Jon Izagirre oiartzuarrak nagusitu ziren eta eraman zuten sari potoloa.

Larunbatean, X. patata-tortilla lehiaketan Rekarte familiak eraman zuen lehen saria. Eta gaueko Kantu afari herrikoian oso giro polita sortu zen. Joxe Leon Kazabon gitarra eskuan zuela beste auzotar askorekin errepaso polita eman zion euskal kantutegiari.

Igandea ere egun polita izan zen. Goizean, pilota partidak izan ziren, baita toka txapelketa ere. Eguerdian, auzo bertso-bazkarian lagun asko elkartu zen Bizardia elkartean eta arrunt gustura entzun zituzten Josu Ibarguren, Jon Otegi eta Jokin Irastorzaren bertsoak. Bazkariaren amaiera aldera, Asuncion Susperregi 99 urteko auzotarra omentzeko parada ere izan zuten.

Arratsaldean, 'Mazka itte' lehiaketak sortu zuen ikusmina. Auzotarren arteko lehian, Felix Galdosek lortu zuen belar gehiena ebakitzea. Gero, poniak, zezen txikiak, basurdea... 'Gorriti show'-aren txanda etorri zen. Gaztetxo asko animatu zen zezentxoen aurrean jartzera. Gaueko zezensuzkoarekin amaitu ziren aurtengo festak Gurutzen.

Auzotar guztientzat moduko festak antolatzen aritu da lanean festa batzordea. «Ekitaldi ugari dira eta lan asko egin behar da, baina auzotarrak gozatzen ikusteak izugarri merezi du», aitortu dute antolatzaileek.