Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Orokorrari auzi errekurtsoa jarriko dio Udalak

Udalbatzarra amaituta, azken udal gorporazioko kideak. / GOIZARIN
Udalbatzarra amaituta, azken udal gorporazioko kideak. / GOIZARIN

Euskara arloko diru-laguntzen ordenantza onartu zen legegintzaldiko azken saioa udalbatzan

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den asteartean maiatzeko ohiko udalbatzarra izan zen, 2015/2019 legegintzaldiko azken saioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrari administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarriko dio Oiartzungo Udalak, Gobernu Taldearen aldeko botoekin. Plan Orokorraren tramitazio garaian alegazioak tarteratu zituen Oiartzungo Udalak, baina aintzat hartu ez dituztenez, auzi errekurtsoa jartzea erabaki zuten udalbatzarrean zinegotziek. Auzi errekurtsoa jartzeko arrazoi nagusia Hiri Hondakinak Kudeatzeko Gipuzkoako Plan Orokorrak (PIGRUG) «udal eskumenak urratzen dituela» da. Izan ere, hondakinen bilketa eta tratamendua udal eskumenak dira. Aldundiaren PIGRUGak, ordea, ez du hori onartzen. EAJk kontrako botoa eman zuen.

Gainerako puntu guztiak aho batez onartu ziren. Hala, hitzarmenak onartu ziren Gazte Izanak eta Katin Ttiki elkarteekin. Erretiratuek, urteko jarduerak antolatzeko 10.000 euroko diru-laguntza jasoko dute aurten, eta herriko memoria historikoa aztertzeko eta jendarteratzeko jardueretarako, 30.000 euro Katin Txikik.

Era berean, Arraguako eta Ergoiengo festak diruz laguntzea ere onartu zen, bakoitza 5.100 eurorekin eta baita Aldeguna eta Auzokalte elkarteei erabiltzen dituzten udal lokalak beste lau urtez uztea ere.

Euskara arloko diru-laguntzen ordenantza ere onartu zen, baita Ergoien, Gurutze eta Karrika auzoei garraio publiko zerbitzua eskaintzen dion taxibusaren hitzarmena urtebete luzatzea, Oiartzungo Taxilarien Elkartearekin elkarlanean.

Agurrentzako tartea

Agurrentzako tartea izan zen udalbatzarraren bukaeran. Jexux Leonet alkateak esan zuenez, «positiboki baloratzen dut bi taldeen artean egon den harremana eta egin dugun lana. Diferentziak baditugu, baina gai askotan iritsi gara adostasunera». Horren ondoren, «bereziki taldekide» izan dituenei eman zizkien eskerrak, eta hitz gozoak izan zituen berriz zinegotzi izango ez diren Ioritz Aizpuru, Domi Azpiroz, Agurtzane Lekuona eta Iñaki Pikabearentzako, baita 2015-2017 bitartean Ogasun zinegotzi izan zen Juan Inazio Ansarentzako ere.

Agurtzane Lekuonak, EH Bildurekin berriz aurkeztuko ez diren zinegotzien izenean hartu zuen hitza: «Eskerrak eman nahi dizkiegu zinegotzi izateko aukera eman diguten herritarrei eta herri mugimenduan egunero lanean aritu direnei; haiekin lan egitea ederra izan da, herri bat bizirik sentitzen delako haien lanari esker. Udal langileei ere eskerrik asko eta lau urtean bidelagun izan zareten zinegotzi guztiei, baina batez ere gure taldekideei: ohorea eta pribilegioa izan da talde honen kide izatea».

EAJko Rafael Bergaretxek ere hartu zuen hitza. «Udalbatzako eta alkatetzako kideekin harremana egokia eta zuzena izan da, eta hori eskertzekoa da, gu gustura egon gara», aitortu zuen.