Gipuzkoa 1 nagusi Bote Luzeko Txapelketako lehendabiziko partidan

Gipuzkoa 1 eta Iparralde 1 taldeak, epailearekin./GOIZARIN
Gipuzkoa 1 eta Iparralde 1 taldeak, epailearekin. / GOIZARIN

GOIZARINOIARTZUN.

Pasa den ostiralean eman zitzaion hasiera Euskal Herriko Bote Luzeko txapelketaren laugarren edizioari, Oiartzunen. Aurreneko partida Beheko Plazan jokatu zen eta Gipuzkoa 1 taldeak Iparralde 1 taldea izan zuen aurrez aurre. Etxekoek euren nagusitasuna nabarmendu zuten eta 9-1 irabazi zuten. Gipuzkoa 1 taldean lau politari oiartzuar daude: Iñigo Ugalde, Ekaitz Lasa, Imanol Ugalde eta Andoni Zabala.

Bigarren partida, berriz, larunbatean jokatu zen Berrizen. Bizkaia taldeak erraz hartu zuen mendean Gipuzkoa 2 taldea eta 9-1 nagusitu zen Berrizburu plazan.

Aurten sei taldek parte hartuko dute lehiaketan: hiru, Iparraldekoak eta beste hiru Hegoaldekoak. Mugaz beste aldeko taldeak bi Lapurdikoak dira eta hirugarrena, Nafarroa Beherekoa. Hegoaldekoak, berriz, Gipuzkoako bi talde dira eta Bizkaiakoa hirugarrena.

Oiartzungo Txost kluba da antolatzailea eta argi adierazi du pilota-joko zuzenen artean zaharrena dela Bote Luzea, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Modalitate honetan talde bakoitza zortzi pilotarik osatzen dute. Bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. Herriko plazetan jokatzen denez, eguraldiak baldintzatzen du jokoa.

Oiartzungo Txost klubari esker, Euskal Herrian galdua zegoen modalitatea berreskuratze prozesuan dago. Bote Luzean aurkariek aurrez aurre dihardute, eta pilotak ez du hormarik jotzen, errebotean ez bada.