Gazteentzako etxebizitzak egingo dituzte Urkabe Baitan

Mendiburu 14 eta Landetxe plaza honelakoak izango dira. / KOXKO
Mendiburu 14 eta Landetxe plaza honelakoak izango dira. / KOXKO

Hitzarmena onartu dute Oiartzungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak

KOXKOOIARTZUN.

Udal-plenoak ohiko biltzarra burutu zuen, uztailaren 30eko arratsaldeko zazpietan, Udaletxeko Areto Nagusian. Bertan, hainbat gai ezberdin jorratu ziren, denak ere garrantzitsuak zinez. Hurrenez hurren, hitz egin zuten gai hauen inguruan, Mendiburu 14 erabilera anitzeko udal eraikina, Urkabe Baita, Xorrola eta kirol elkarteen diru laguntzak.

Eraikina egiteko proiektuak aurrerapauso handia eman zuen uztaileko ohiko udalbatzarrean, proiektua, gastua eta konpromiso kredituak ahobatez onartuta. Jexux Leonet alkateak duela hiru urte hasi zen prozesua laburtu zuen, «bereziki pozik gaude proiektua lantzeko izan den parte hartzearekin». Exekuzio proiektuan, besteak beste, herritarren alegazio eta proposamenak txertatzeko ahalegina egin da. «Proiektu honek aspalditik Oiartzunen ditugun behar batzuei erantzungo die».

Urkabe Baita eremuan, bestalde, 20-25 etxebizitza dotazional eta alokairu sozialeko beste 15 eraikitzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin egindako hitzarmena ere onartu zen. Udalak eremu hori zesioan emango dio Jaurlaritzari, honek etxebizitzak garatu ahal izateko. Leonet alkateak adierazi zuenez, «batez ere, gazteei etxebizitzak eskaintzea da helburua». EAJ abstenitu egin zen, zalantzak adierazi zituzten jeltzaleek. «Beharrezkoak al dira etxebizitza dotazionalak? Norentzat?».

Xorrola zerbitzuari buruz, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gizarte-Ongizatearekin lotutako hitzarmen bat ere onartu zen, ahobatez. Mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten erabiltzaileen zerbitzuaren kalitate jarraipena Aldundiaren eskumena izan arren, baliabide faltagatik Udalaren esku uztea da hitzarmenaren funtsa. Jarraipena, bederen, bi urtez behingoa izango da. Udalak hitzarmena onartu du, gehienez lau urteko epemugarekin.

Xorrolaren kontratua berritzeko prozesua ere bukatu da. Irailaren 1etik aurrera, hiru urtean, Autobuses Cuadra enpresak kudeatuko du herri barruko garraio publiko zerbitzua, 172.000 euroko aurrekontuarekin urteko. Enpresa bakarra aurkeztu da lehiaketara eta esleipena ahobatez onartu zen.

Kirol elkarteei ohiko jardueren diru laguntza ematea ere onartu zen. Guztira, 54.000 euro banatuko dira herriko zazpi elkarteren artean (Haurtzaro Kirol Elkartea, Oiarpe, Oiartzun Kirol Elkartea, Oiartzungo Rangerrak, Oiartzungo Saskilagunak, Tximeleta eta Txost). Eskola Kirola, Eskola Pilota eta Muittu egitasmoak gauzatzeko dirulaguntza ere onartu zen Elizalde Herri Eskola eta Haurtzaro Ikastolarentzat. 46.000 euro inguru jasoko dituzte jarduera fisikoarekin lotutako programa horiek garatzeko.

Odol emaileak, asteartean

Datorren asteartean, abuztuak 13, Oiartzungo herritarrek odola emateko aukera izango dute. Orain arte egin den moduan, Oiartzungo Anbulategian izango da odol erauzketa, arratsaldeko seietatik zortzietara. Antolatzaileek adierazi dutenez, odol emale berrien beharra dute.

Pasa den ekainean egindako jardunaldian, guztira, 46 pertsonak eman zuten odola. Horietatik bi soilik ziren berriak. 22 izan ziren O+ odol mota duten pertsonak, lau pertsona O- ekoak, 12 pertsona A+ ekoak, 2 pertsona A- ekoak eta lau pertsona B+ ekoak. Aldiz, B- eta AB+ odol mota zuenik ez zen azaldu.