Baserritar Eguna, berez, egun berezia izaten da Oiartzungo jaietan. Izan ere, arrakasta handiko eguna da eta atzokoan ere ez zuen kale egin. Goiz goizetik hurbildu ziren herritarrak Done Eztebe plazara, festako gunerik garrantzitsuenera. Bertan eman zitzaion hasiera ohiko goiz eresiari Lartaungo txistulariekin, gainera, Haurtzaro Dantza taldeko haurrek zaharren egoitzara egin zuten urteroko bisita, txistulari eta trikitilarien laguntzaz.

Eta herriko helduek beste era bateko maisutasuna erakutsi zuten, oraingoan sukalde kontutan. Izan ere, Herrira Bilguneak antolatutako pintxo-lehiaketan 25 pintxo aurkeztu ziren. Epaimahaiak ez zuen lan erraza izan erabakitzeko zein izango zen aurtengo txapelduna. Aurten ere izugarri saiatu baitira herriko hainbat elkarte, taberna eta jatetxe. Epaimahai lanetan OKE, Girizia, Aldeguna, Ibargain, Bizardia, Artaso eta Iturri-berriko ordezkariak aritu ziren. Azkenean, Ibargain Elkartea izan zen txapelketako irabazlea. Bigarren saria bazkun zaharrek eskuratu zuen, eta hirugarrena, berriz, Intxixu tabernak.

Arraztalo Elkarteak antolatutako Oiartzungo produktu ekologikoen azokak ere izan zuen arrakasta. Antolatzaileen hitzetan, «aurten sekula baino jende gehiago inguratu da guregana, pintxoak eta produktuak erostera».

Doneztebe plazan, bitartean, XIX. Inaxio Ugarte sagardo lehiaketa puri-purian zegoen. Hamabost sagardotegik parte hartu dute aurten. Eta aurtengo irabazlea, Iñaki Olaiz izan da; bigarrena, Aroxkene baserriko Aitor (karrika); eta, hirugarren, postuan, Olazi baserriko Joxemi (iturriotz). Bien bitartean, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldiaren bertsoek alaitu zuten Doneztebe plazako giroa.

Goiz eta arratsalde, herriko baserritarrek hilerriaren goiko aldeko plazan zuten zita. Hantxe idi-dema zeukaten ikusgai. Plazak gora, plazak behera, aurtengo txapelketa honela bukatu zen: lehenengo Telleria, 53 plaza, 2 zinta 4,56 metro; bigarren, Patxi Irarreta, 50 plaza eta 4,02 metro; hirugarren Gabriel, 47 plaza 1,38 metro; laugarren, Artola, 45 plaza, 2,46m; bosgarren, Uzkudun, 43 plaza zinta bat eta 80 zm; eta azkenik, Jesus Garaiar, 42 plazarekin eta zinta bat.

Arratsalde partean ez zegoen aspertzeko astirik. Haurrentzako kale-animazioa izan zen Doneztebe plazan eta Antzar rockeroak emanaldia eskaini zuten txikiak alaituz. Iturri-berri elkarteko kideek antolatutako herri kiroletan jendetza bildu zen; beste hainbeste gertatu zen Erraldoien XI. Topaketarekin. Iñaki Burugain antolatzaileak adierazi zigun «herri ezberdineko erraldoiak bildu ditugu kalejira ederrean. Oiartzungo bikotearekin batera hemen hamaika erraldoik dantzatu dute gaur».

Eta gauean, helduen danborrada. Aurten, partaide kopurua bikoiztea lortu du Birgilio Labandibarrek, Ergoiengo Jai Batzordeko kideak. Bestalde, oiartzuarrek Elorsoroko harmailak bete zituzten Alur Dantza Taldearen Irradak izeneko ikuskizunaz gozatzeko gogoz.

Gauerdia pasata, Yakolev eta Piperrak taldeek dantzan jarri zuten herriko plaza.

Doneztebe plaza horiz gaur

Aurtengo Xanisteban Jaiak bukatzear daude, baina oraindik bi egun eder disfrutatzeko gelditzen zaizkie oiartzuarrei. Gaur, Gazteen Eguna izango da. Eguerdiko 13.30ean gazte txupinazoa izango da plazan eta, horren ostean, bazkaria. Eguraldi ederra tokatuko zaie aurten, eguzkia lagun izango baitute. Aurten, inoizko parte-hartzerik handiena izango dela adierazi dute antolatzaileek: 600 gazte inguru elkartuko dira.

Goizeko 09.00etan, berriz, 37. ehiza zakur lehiaketa egingo da Irastortza baserriko zelaietan. Ondoren, elite eta 23 urtez azpiko pelotoiak korrituko du LXXI. Xanisteban txirrindulari sarian. Ikuskizuna bermatzen duen ibilbidea prestatu du beste behin Lartaungo Zikloturista Elkarteak eta azken astetan buru-belarri lanean aritu da goi mailako lasterketa izan dadin. Astigarragan barrena bi itzuli eman eta gero, Oiartzun barruan kilometro erabakigarriak izango ditu lasterketak. Auzoei bi buelta eman eta bietan Arkale mendatea ere igo beharko dute txirrindulariek.

Bestalde, goizean ere ez da faltako musika saiorik. Izan ere, Herri Musika Eskolaren kale bueltak izango dira eta Kantu kantari saioa Lartaun Abesbatzaren eskutik.

Arratsaldean, berriz, haur mailako banakako XXI. Xake Lehiaketa eliza ondoko karpan; koadrilen arteko bingoa eta jokoak; kalejira, txarangarekin eta herriko gazteekin; Xanistebanetako Haurren Pala Txapelketa Herrikoiaren finalak; eta 'Hau ez da kasualitatea' bertso saio feminista Kaxkazuri plazan.

Segidan, 18.00etan, XXVIII. Arin-Arin eta Fandango Txapelketa gaztetxoentzat Landetxeko plazan; ondoren, Xanistebanetako binakako pala txapelketa herrikoiaren finalak (neskak eta mutilak), Kontzejupean; segidan, apar jaia haur, gazte eta helduentzat, Doneztebe plazan.

Ilunabarrean, Oiartzungo Dantza Bilera, Kastroko iturrian. Dantza emanaldia Doneztebe plazan; Tio Teronen semeak taldearen Festamentua ikuskizuna; 21:00etan, karaokea txosnagunean; eta, ondoren, berbena Landetxen, Ezten giro taldearekin batera.

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos