Gazteak protagonista aurtengo xanistebanetan

Geroz eta neska gehiago ateratzen dira sokatiran. Argazkiak aurtengoan lortutako sariarekin. / GARAÑO
Geroz eta neska gehiago ateratzen dira sokatiran. Argazkiak aurtengoan lortutako sariarekin. / GARAÑO

Gazte eguna igandea bazen ere, bost egunetan kaleak bete dituzte gazteek

GARAÑO OIARTZUN.

580 gazte inguru bildu ziren plazan igande eguerdian. 13:30etan hasi ziren hurbiltzen lehenak eta Altsasuko Gurasoek gazte txupinazoa bota zuten. Oso eskertuak azaldu ziren kamisetan haien irudia jarri zutelako eta hitz batzuk esan zituzten suziria bota aurretik. Herriko gazteek pankarta erraldoi bat bota zuten udaletxeko balkoitik behera.

Ondoren, mahaiak montatzen hasi ziren eta arratsaldeko 14:30ak aldera bazkaltzera eseri ziren. Lehenik paella jan zuten eta ondoren oilaskoa. Postrerako, berriz, profiterolak. Eguraldia lagun izan zuten gazteek, are gehiago, 30 gradu inguru zeuden bazkaltzeko momentuan eta urezko pistolak ez ziren falta izan. Iturrian hainbat eta hainbat gazte ere freskatu ziren.

Jarraian, dena bildu eta jokoek hartu zuten plaza. Aurreko urtean irabazitako taldeak antolatu zituen jokoak eta momentu ederra pasa zuten bai parte hartzaileek eta baita ikusleek ere. Bukatzean, poteoa hasi zen Elektrotxufla txarangarekin. Herriko taberna gehienetatik pasa ziren kantuz eta dantzan. Landetxe plazan bukatu zen. Karaokeak ere ez zuen hutsik egin. Asko animatu ziren oholtzara igotzera eta kantu ederrak abestu zituzten. Ezten Giro taldearen erromeriarekin ere.

Truk txapelketa

Jaien azkeneko egunean urtero egiten da truk txapelketa eta aurtengoa 23. izan da. Madalensoro pilotalekuan jarri zuten zita truk zaleek arratsaldeko 16:30ean eta arratsalde guztian zehar hamaika bikote pasa ziren bertako mahaietatik. Irabazleak Gorka Mitxelena eta Aitor Mitxelena izan ziren, 22 urteko gazteak. Haiek aipatu zutenez, ez zuten espero irabaztea: «esperientzia handia zuen jendea zegoen eta urteak daramatzate jokatzen. Gu denbora librean aritzen gara, lagunartean, baina tarteka txapelketarako ere tarte bat hartzen dugu». Mariskada, Cava eta txapela eraman zuten etxera eta baita irribarre zabal bat ere.

Txirrindularitza herrian

Elite eta 23 urtez azpiko pelotoiak korritu zuen LXXI. Xanisteban txirrindulari sarian. Ikuskizuna bermatzen duen ibilbidea prestatu zuen beste behin Lartaungo Zikloturista Elkarteak. Irabazlea Javier Gil Baqué-Ideus-BH taldekoa izan zen. Bigarren eta hirugarren postuetan, berriz, Sureda eta Ballarín. Gil oso pozik agertu zen sari banaketaren ondoren. «Egindako lan guztiaren fruitua izan da garaipena eta urte hasiera zail bat ahazteko modua, osasun arazoak izan baitut. Horregatik, laguntzen nauen orori eskaini nahi diot garaipena, haiena ere badelako». Lagun eta familiakoak ere gogoan izan zituen eta Aurrera jarraitzeko indar gisa hartu zuen garaipena.

Pala partidak

Igandean jokatu ziren Oiartzungo binakako pala txapelketako finalak kontzejupean. Nesketan, Maiza-Agirre bikoteak irabazi zuen Galdos-Mitxelenaren aurka. Hain zuzen ere, 30-15 egin zuten. Mutiletan, berriz, Galdona eta Sarasti 28-30 Juanes eta Hernandez. Hauexek aurtengo irabazleak. Haurren partidak ere izan ziren aurretik. Benjaminetan Ian-Ander 13-14 Aiert-Ugaitz, eta gazteetan, Ekain-Markel 16-12 Lier-Haitz. Erakustaldi ederra eman zuten herriko gazteenek.

Herri krosa

Aurten lehen aldiz, Gora Xanistebanak herri krosa egin da suziriaren aurretik. Arratsaldeko 16:30etan hasi ziren haurrak eta 17:00etan helduak. Taldeka zein banaka hartu zitekeen parte, eta maila honetan herriko lau gaztek irabazi zuten: Eneko Iparragirre, Aitor Zabaleta, Nabil Salma eta Andoni Arrieta. Zorionak laukote eta jarraitu kirolean egurra ematen!

Sokatira indartsu

Xanisteban egunarekin ospatzen da urtero Sokatira txapelketa eta aurten ere ez zuten hutsik egin. Generazio berriak sartzen ari direla adierazi dute antolatzaileek eta giro oso polita sortzen dela baieztatu dute. «Jendea probatzeko gogoz sartzen da eta ondoren urtero apuntatzen dira. Seinale ona da hori». Neskak geroz eta gehiago direla ere adierazi dute, aurten talde bat gehiago atera baitute; 5 hain zuzen. Ekintzaz jositako astea izan da Oiartzunen eta orain hurrengo urterarte itxaron beharko dute. Hainbat bazkari, lehiaketa, erakusketa, pilota partida eta bertso emanaldi izan dira eta denen gustuko egitaraua antolatzen saiatu direla aipatu dute Festa Batzordekoek. Hala ere, gogoraratu dute bilera irekiak direla eta edozein herritarrek parte hartu dezakeela; bai elkarte gisa eta baita norbanako gisa ere. Beraz, animatzeko deia egin dute, ideia freskoak beti eskertzen baitira.

Temas

Jaiak
 

Fotos

Vídeos