Gazte Izanakeko kideak Asturiasera bidaia antolatu dute

GOIZARIN OIARTZUN.

Oiartzungo Gazte Izanak, erretiratuen elkarteak, bidaia antolatu du Asturias aldera. «Hirurogei lagun elkartuko gara bidaian eta primeran igaroko ditugu hiru egunak», adierazi du Fermin Lorza Gazte Izanak elkarteko lehendakariak.

Bihar goizean irtengo dira eta Oviedon egingo dute aurreneko geldialdia, Fontan plazan egin ohi den feria ikusteko. Gero, Noreña herrira abiatuko dira, eta han hartuko dute ostatu. Arratsalde partean, Mumi museoan bisita gidatua egingo dute, Asturiaseko meatzaritzaren historia behar bezala ezagutzeko.

Astelehenean, Siero herrian ospatzen den abeltzaintza feria ospetsua ezagutuko dute goizean eta arratsaldean, berriz, Oviedo hiriko alde zaharrean bisita gidatua egingo dute.

Asteartean, Gijon aldera joko dute bertan dauden leku esanguratsuenak ezagutzeko eta bazkari eder bat egin ondoren, Oiartzun aldera joko dute.