Gazte Izanak elkarteko lagunak primeran ibili dira Asturias aldean

GOIZARIN OIARTZUN.

Gazte Izanak elkarteko lagunak Asturias aldera joan ziren pasa den igandean eta primeran ibili direla adierazi du Fermin Lorza elkarteko lehendakariak. «Astelehen goizean Siero herrian ospatzen den abeltzaintza feria bisitatu genuen eta arratsaldean Oviedo hiria ezagutzeko parada izan genuen. Asteartean, berriz, Gijon aldera jo genuen eta bazkari eder bat egin ondoren, Oiartzun aldera abiatu ginen, hiru egunak ederki igaro ondoren».

Gazte Izanak elkarteko zuzendaritza hurrengo irteera prestatzen hasiko da laster. Udazken aldera, urriaren 21ean, Andaluziara joatekoak dira herriko jubilatuak, Cadiz aldera, hamar egun igarotzera. Nolanahi ere, aurretik urriaren 19an Gipuzkoako Jubilatuen bilkura egiteko asmoa dute Oiartzunen. «Zortzirehun lagun elkartuko gara, Gipuzkoako herri guztietako ordezkariek bisitatuko gaituzte», gaineratu du. «Ibilaldi neurtua egiteko asmoa dugu, baita bazkari ederra ere», aurreratu du Lorzak.