Gaur Artikutzan, isiltasun gutxi

Autoz sartzeko aukera egongo da gaur, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun osorako

GARAÑO OIARTZUN.

Urtean behin bakarrik irekitzen dituzte Artikutzako ateak ibilgailuentzat, abuztuaren 28an, San Agustin egunean, hain zuzen ere. Horregatik, gaur jarduera ugari antolatu dituzte ate irekiak direla eta. Lehen, abuztuaren 28a errentak ordaintzeko eguna izaten zen inguruko bizilagunentzat, baina gaur egun festarako aitzakia izaten da. 08.00etan sartu ahal izango da Artikutzara eta urtegia inguratzen duen pistan autoetarako aparkalekua egongo da. Alde batetik sartu eta bestetik aterako direnez, ez dute buelta eman beharko.

Egitaraua goizeko 11:00etan hasiko da, mezarekin eta, ondoren, Oiartzungo eta Goizuetako eskolako pilotariek bi partida jokatuko dituzte. Festak arratsaldean segiko du eta Herri kirolen erakustaldia izango da 17:30etan. Harria jasotzen ariko da Haimar Irigoien; txingekin, Xanta Sousa; eta aizkoran ariko dira Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugerza, Donato Larretxea eta Iker Bizente. Eguna ondo amaitzeko, dantzaldia izango da, 19:30ean.

Artisautza-produktuen eta herriko beste hainbat produktu tipikoen -hala nola gazten, erroskilen, eta taloen- postuetara joateko aukera izango dute bisitariek egun osoan. Horretaz gain, Artikutzara joan nahi duten pertsona guztiak janariz eta edariz hornitzeko, bi taberna prestatuko dira.

Ezinbestean gogorarazi behar da urtean behin baino ez dela ematen finkara baimenik gabe sartzeko aukera, egun horretan, hain zuzen ere. Urteko gainerako egunetan Donostiako Udalean eskatu behar da derrigorrean finkara autoz sartzeko baimena. Udalinforen bidez izapidetzen da baimen hori (tel.:010). Bidaiari eta bizikletak baimenik gabe ere sar daitezke urte osoan.

Gaur egun Artikutzako finka Donostiako Udalaren jabego pribatua da, baina Goizuetako lurretan dago. Oiartzun, Lesaka, Arantza, Zubieta, Labaien eta Goizuetako mendiek inguratzen dute 3.700 hektareatako ingurua. Euskal Herriko eremurik euritsuena da, eta bertan dago Donostia urez hornitzen duen urtegia. Euskal Herriko lur eremu zaharrenetarikoa da. Kokapenari dagozkion berezitasun hauei, gizakiak historiaurretik gaurdaino eragindako orbainak gehituz, Artikutzako paraje naturalaren egungo xarma ulertzen lagunduko digu.

Aldarrikapena

Aurten ere, Independentistak Sareak independentziaren aldeko aldarrikapen bihurtu du urteroko txangoa. Doneztebe plazatik abiatuko dira Artikutzara bitarteko martxan, zapi berdeak lepoan jantzita.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos