Futbol egokitu eskola martxan jarri du Oiartzun KE-k Mindara elkartearekin

Iazko denboraldian zehar lau topaketa antolatu ziren Mindara eta OKE-ren artean./GOIZARIN
Iazko denboraldian zehar lau topaketa antolatu ziren Mindara eta OKE-ren artean. / GOIZARIN

GOIZARINDVOIARTZUN@HOTMAIL.COMOIARTZUN.

Oiartzun Kirol Elkarteak Mindara elkartearekin batera aniztasun funtzionala duten pertsonentzako futbol egokitutako proiektu bat hasi du, hasera batean oinez dabiltzan (des)gaitasun intelektuala zein fisikoa duten haur eta gazteentzat.

Proiektu honen hasera Mindara elkarteko familien aldetik etorri da. Izan ere, Mindararen kirol eskaintzaren barruan futbol egokitua egon zedin eskatu zuten eta aldi berean Oiartzun Kirol Elkarteak bere kirol eskaintza zabaltzea planteatzen hasi zen aniztasun funtzionala zuten pertsonei. «Bide horretan topo egin genuen eta proiektuari forma ematen hasi ginen», adierazi du Juan Luis Asensio Mindara elkarteko arduradunak. Horretarako, bi elkarteen lankidetza garrantzitsua izan da azken urteetan eta bereziki «Oiartzun Kirol Elkarteak Mindararekin izan duen konpromisoa aparta, horren erakusgai Oiartzungo nesken futbol taldeak lehen mailan, liga Iberdrolan parte hartu zuen bitartean Mindararen logoa eraman zuen haien ekipamenduan», nabarmendu du Asensiok.

Mindara elkarteak duen proiektuaren helburua aniztasun funtzionala duten pertsonak futbola egin dezaten bidea hastea izan da, modu inklusibo eta normalizatuan ohiko talde baten barruan. Horretarako, «iazko denboraldian zehar lau topaketa antolatu genituen, horietako hiru Oiartzun Kirol Elkarteak Oiartzunen dituen zelaietan eta laugarrena Real Sociedad taldeak Zubietan dituen zelaietan, Real Sociedad Fundazioaren egunean». Topaketa horietan futbol entrenamenduak eskaini ziren aisialdi moduan «baina ohiko futbol taldeak erabiltzen dituzten baliabide eta eskemak erabiliz», zehaztu du.

Topaketa horietan, parte hartzaileen profila oso anitza izan da, bai eta jatorria, hauxe baita Mindara elkartearen ezaugarri bat non bere ekintzetan desgaitasun desberdinak (autismoa, garun paralisia, down-en sindromea edo desgaitasun intelektuala) dituzten haur, gazte eta helduek parte hartzen dute. Hasierako denboraldi horretan, proiektuaren zuzendaritza teknikoa Ainhoa Rodriguezek bete du. Oiartzungo jokalaria eta JFKZ graduatua, kirol egokituan eskarmentua du. Haren laguntzaile lanetan OKE-ko entrenatzaile eta jokalariak aritu dira, baita Mindara elkartekoak ere.

2019-2020 denboraldia

Hasi berri den denboraldirako proiektua Oarsoaldea eskualderako futbol egokitutako eskola bat martxan jartzea izango da. «Asteroko entrenamenduak jarriko dira martxan, aisialdiko alderdia ahaztu gabe eta kirolak eskaintzen dituen baloreak azpimarratuz: errespetua, lankidetza, gainditze jarrera, harreman sozialak, autonomia pertsonala eta norberaren diziplina». Entrenamenduak 2019ko urrian hasiko dira eta denboraldia 2020ko ekainean amaituko da.

Parte hartzeko gutxieneko adina 12 urtetan ezarri da. «Halere, adin gutxiagoko parte hartzaileak izan daitezke eskola kirol ohikoan parte hartzerik ez badute». Nolanahi ere, kirolariek kirol lizentzia edo aisialdiko txartela izan beharko dute futbol eskolan parte ahal izateko.

Denboraldian zehar asteroko entrenamenduez gain iaz egin zen moduan hiru edo lau topaketa antolatuko dira beste edozein arrazoirengatik futbol eskolan parte hartu ezin dutenak -beste kirol konpromisoak, urruntasunagatik etab.- parte hartzeko aukera izan dezaten. «Topaketak antolatu nahi ditugu Futbol Egokituan ari diren beste taldeekin. Esate baterako, Genuine ligako taldeekin (Real Sociedad edo Eibar) edo areto futbolean ari direnekin».

Proiektuan dabilen lan taldea Mindara zein Oiartzun Kirol Elkarteko kideek osatzen dute eta 2018-2019 denboraldian GKEFko teknikarien laguntza izan du. Lantaldean, urteko plangintzaz arduratuko da Itsaso Nabaskues, OKE-ko jokalari ohia eta JFKZ lizentziatua. Entrenatzailea, berriz, Endika Loiola izango da, OKE-ko emakumeen bigarren mailako taldearen entrenatzailea. Haizea Izargarai eta Izar Susperregi jokalarien laguntza izango du.

Entrenamenduak ostegunetan 17:00etatik 18:00etara izango dira Karla Lekuona futbol zelaian -lehenengoa urriaren 17an izango da-. Izen emateko interesatuek info@mindara.org helbidera idatzi dezakete.