Festa lehertuko da gaur Doneztebe plazan

Erraldoiak dantzan jarriko dira gaurtik aurrera./ARIZMENDI
Erraldoiak dantzan jarriko dira gaurtik aurrera. / ARIZMENDI

Aldeguna elkarteko kideek botako dute jaietako suziria, Jai Batzordeak horrela erabakita

GARAÑOOiartzun

Oiartzungo Jai Batzordeak proposatuta, 50. urteurrena ospatzen duen arraguako Aldeguna Elkarteko kideek, Oiartzungo alkateak, Udalbatzako kideek eta Jai Batzordeko kideek lagunduta, lehen suziria botako dute, eta horrek, kanpai-soinu alaitsuekin batera, 2018ko Xanisteban Jaien hasiera adieraziko du.

Jarraian, Udalbatzako kideek Soka-dantza dantzatuko dute Herriko Doneztebe plazan, Asanblada feministakoak ere bertan izango dira eta baita txistulariak ere. Ondoren, erraldoien eta txistularien kalejira Elizalde auzoan zehar. Arratsaldeko 20:30ean, Kalera Kalera ekimenak antolatuta, ekitaldia egingo da Kalerako txoznan, eliza ondoan. Gaueko 23:00etan, musika jaialdia izango da Done Eztebe plazan Tximeleta taldearen eskutik.

Herri krosa

Aurten berrikuntza gisa Haurtzaro Atletismo Taldeak eta Intxixu Trailek herri krosa antolatu dute Xanistebanei hasiera emateko. Haurren krosa eta helduen krosa egingo dituzte eta biak Done Eztebe plazatik aterako dira. Haurrema 16:30etan hasiko da eta helduena, berriz, 17:00etan. Helduen ibilbidea bost kilometrokoa da eta bi buelta eman beharko dizkiote zirkuituari. Herriko plazatik Tartalora joango dira eta handik pistinen ondotik hilerrira. Ondoren barraka gunera eta Belutene aldera. Azkenik plazarako bidea egin beharko dute.

Gaur arte izena internet bidez eman dute parte hartzaileek baina arratsaldean, krosaren aurretik, lauko taldeak osatu daitezkeela adierazi dute antolatzaileek.

Izena ematen duten lehenengo ehunek esku oihala bat jasoko dute, eta egunean bertan ere hainbat opari jasoko dituzte helduek zein hamabi urte arteko haurrek. Gazteenen kasuan, egunean bertan eman beharko dute izena, dohain.

Ikasle gela itxita

Igandetik itxita dago Manuel Lekuona bibliotekako Ikasle Gela eta abuztuaren 6ra arte ezin izango da erabili. Uztailaren 30etik hilaren 2ra, xanistebanetako kartel lehiaketan parte hartu duten lanen erakusketa jarriko da ikusgai. Hurrengo egunetan, Ikasle Gela dena xanistebanetako ekintzak egiteko erabiliko da. Hilaren 7tik aurrera, berriz ere 09:00etatik 17:00etara irekiko da Ikasle Gela.

 

Fotos

Vídeos