Festa giro bikaina Artikutzan, San Agustin egunean

Artikutzara hurbildu zirenek baso ederrez eta lasaitasunaz gozatu zuten. /  GARAÑO
Artikutzara hurbildu zirenek baso ederrez eta lasaitasunaz gozatu zuten. / GARAÑO

GARAÑO OIARTZUN.

San Agustin eguna ospatu zen atzo Artikutzan. Krema eta eguzkitako betaurrekoak soinean, egun pasa joan zen jendea Artikutzara, batzuk oinez edota bizikletaz, besteak zaldiz eta gehienak kotxez.

Goizean goiz hasi zen Artikutza bisitariz betetzen. Meza ondoren, pilota partida bikainak jokatu zituzten. Gazteen artean Aranburu eta Aburuza oiartzuarrak Salaberria eta Elgarresta herritar bikotearen aurka aritu ziren; helduen artean, aldiz, Ugalde eta Etxeberria oiartzuarrak Aizkorbe eta Apezetxea goizuetarren aurka. Partiden ondoren, jendea bazkaltzera joan zen eta bakoitzak ahal zuen moduan egin zuen jatordua. Arratsalde partean ere izan zen zer ikusi eta zer gozatu Artikutzan.

Herri kiroletakoek erakustaldi bikaina eman zuten eta jende mordoxka bildu zen frontoi inguruan. Haimar Irigoien harria jasotzen ibili zen, Xanta Sousa, berriz, txingekin. Aizkoran, Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugerza, Donato Larretxea eta Iker Bizente. Oraindik festarako gogoz zeudenentzat, erromeriak ordu txikiak arte iraun zuen.

Egun osoan zehar artisauen lanak ikusterik bazegoen eta euskal produktuak salgai zeuden. Festa giroan igaro zuten eguna beste behin ere Artikutzara hurbildu zirenek eta barruti natural horretako baso ederrez eta lasaitasunaz gozatu zuten.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos