Euskaraldia martxa hartzen ari da herrian

Udaleko kideek babes osoa adierazi diote Euskaraldiari. /  GARAÑO
Udaleko kideek babes osoa adierazi diote Euskaraldiari. / GARAÑO

Oiartzunen biztanleriaren %76,25 euskalduna da eta %11,18 gehiagok euskara ulertzen du

GARAÑO OIARTZUN.

Herritar ugarik eman dute izena ekimenean baina oraindik ere jende gehiagorentzako lekua badagoela aipatu dute antolatzaileek. Jende guztiarengana iritsi nahi dute eta parte hartze zabala espero dute. Gainera, Oiartzungo Udalak ere babes berezia eskaini dio Euskaraldiari. Ekimenarekin bat egin du eta erantzukinez eta eredugarritasunez parte hartzeko konpromisoa hartu du.

Hain zuzen ere, uztaileko udalbatzarrean ahobatez onartu zen adierazpen baten bidez euskaraldiari bere babesa adierazi dio udal lantaldeak. Erakunde gisa erantzukizunez eta eredugarri jokatzeko konpromisoa hartu dute Udalak eta zinegotziek, eta herritarrak Euskaraldiarekin bat egitera gonbidatu dituzte.

Azken neurketek baieztatu dutenez, euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen ari dira Euskal Herrian. Euskaraz hitz egiteko gai den jende gehiago dago, eta euskara ulertzen dutenak ere gero eta gehiago dira. Bi datu horiek aditzera ematen dutenez, euskarazko harremanak areagotzeko baldintza onak daude.

Oiartzungo Udalak eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartu du

Euskaraldia, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak hainbat eragilerekin elkarlanean abian jarri duten ekimena da. Ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko garaia da, euskararen alde egotetik egiteko garaia.

Oiartzunen biztanleriaren %76,25 euskalduna da eta %11,18 gehiagok euskara ulertzen du. Administrazioari dagokionez, Oiartzungo ordezkari politikoen %100 gai da euskaraz hitz egiteko eta udal langile publiko guztiak ere bai.

Kale-erabilera,%58,5koa da

Baina erabilera datuek diote Oiar-tzunen euskararen kale-erabilera %58,8koa dela. Badago non hobetu, eta horretan lagunduko ditu Euskaraldiak. Oiartzunen erabileran eragiteko baldintza soziolinguistiko egokiak daude. Horrek ardura eta erantzukizun berezia ematen du Euskaraldian.

Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo den arren tokian tokiko euskaltzale eta erakundeak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak. Oiartzunen, iazko abenduan Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak, Udalak eta herriko euskaltzaleek martxan jarritako Konpromisotik A(d/r)itzera egitasmoari jarraipena emango diote Euskaraldiarekin.

Konpromisotik A(d/r)itzera ekimenean bezala, Euskaraldian 11 egunetan hizkuntza-praktika aktiboa gauzatzera gonbidatuko dituzte 16 urtetik gorako herritarrak. 11 egunez hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboa egitea da proposamena, ahobizi edo belarriprest izanda.

Ahobiziek euskarari eutsiko diote solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek solaskideak gonbidatuko dituzte berarekin euskaraz aritzera, nahiz eta belarriprestak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Ekimenaren helburua da ariketa horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda daitezkeela, eta, ahal dela, 11 egun horiek pasa ostean, horiei eustea. Hori, norberaren erabakiak errespetatuz, adeitasunez eta guztiak eroso sentitzeko moduan.

Horregatik guztiagatik, Oiartzungo udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.

Ordezkari politikoen egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta, bereziki, udal barruan ekimena zabaltzea. Ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango dituzte, arduradun politikoak izan edo langileak izan.

Bestalde, Oiartzungo Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.

Udal barruan ez ezik, udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, Udalak herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenetan parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu.

Bestalde, Udalak bat egiten du ekimena Gipuzkoan elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin, lurralde mailako politika bateratu bati begira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos