Euskadiko 100 flautistek hartuko dute parte bihar Oiartzungo VI. Flauta Jaialdian

GOIZARIN OIARTZUN.

Aurreko edizioetan lortutako arrakasta ikusirik, Oiartzungo Flauta Taldeak antolatuta VI. Flauta Jaialdia ospatuko da bihar. Aurten ere, herriko Flauta Taldeak Euskal Herriko hainbat flauta jole gonbidatu ditu eta herriko txoko ezberdinetan entzun ahal izango dira flauta soinuak, goizeko 10:30etik aurrera.

Euskal Herria plazan hasiko dira kontzertuak eta 12:30ak aldera amaituko dute Kontzejupean. Bukatutakoan, oroigarriak banatuko zaizkie bertaratzen diren flauta jole guziei. Azkenik, 'Caballeros del Traverso' taldeak kontzertua eskainiko du.

Lerro hauen bitartez, Oiartzungo Flauta taldeko arduraduna den Iñaki Gurrutxagak eskertu nahi ditu ekimen honetan parte hartuko duten Musika Eskoletako eta Kontserbatorioetako irakasle guztiak. Era berean, oso eskertua dago Oiartzungo Udalarekin ere, «eskainitako inplikazio eta laguntzarengatik», eta oiartzuarrei gonbidapena luzatu die ekintzetan parte hartzera animatu daitezen.