Euria eginagatik, Euskal Jaia ospatu da bigarrenez

Giro bikaina izan zen egun osoan zehar Oiartzunen, Euskal Jaiarekin.
/GOIZARIN
Giro bikaina izan zen egun osoan zehar Oiartzunen, Euskal Jaiarekin. / GOIZARIN

XXX. Sagardo dastaketak arrakasta izan zuen, arratsalde partean

GOIZARIN OIARTZUN.

Eguraldia lagun ez izanagatik, atzo ospatu zen Euskal Jaia Oiartzunen, bigarrenez. Goiz goizetik egitarau oparoa iragarrita zegoen eta ekimen guztiak burutu ziren, Elizalde Herri eskolako aterpean.

Euskal Jaiari herriko dantzari gazteek trikitilari eta pandero jotzaileekin batera eman zioten hasiera. Eguraldi grisari muzin egin eta bikain dantzatu zuten Haurtzaroko eta Elizalde Dantza taldeko lagunek. Horrelako jai batean herriko erraldoien konpartsak ezin zuen huts egin eta ederki dantzatu zituzten erraldoi txiki batzuekin batera.

Herriko kirolariak ere goiz mugitu ziren atzo eta eskuz pilotan jokatu zuten Kontzejupean eta baita pasaka modalitatean ere.

Eta goizari amaiera emateko, Patxi eta konpainiarekin erromeria alaitsua ospatu zen Elizalde eskolako arkupetan. Dantzari ugari elkartu zen eta Patxiren aginduak ederki bete zituzten herrian dantzari trebeak daudela erakutsi zutelarik.

Artisauak ere ez ziren falta Elizalde Herri eskolako frontoiaren babesean. Denetarik ikus zitezkeen: pitxiak, eskuz egindako jantziak, ukenduak, taloak... Herritarrak ere gerturatu ziren haiek ikustera, erostera...

Jexux Aduriz, omendua

Arratsaldean ere festa giroa nagusitu zen. Lehendabizi, haurrentzako puzgarriak, tailerrak eta txokolate jatea izan ziren. Gero, Olarri Dantza taldeak ikuskizun aparta eskaini zuen, herriko plazan. Eta arratsaldeko 18:00etan eman zitzaion hasiera sagardo dastaketari, XXX. edizioari, bertsolari gazteen bertso dotoreekin. Eta Oiartzungo plazara bertaratu ziren lagunek 15 sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera paregabea izan zuten, pintxo goxo askoak bapo jaten zituzten bitartean.

Aurtengo edizioa hogeita hamargarrena izan da eta antolatzaileek haien partaidea den Jexux Aduriz omentzeko baliatu dute aurtengo ekitaldia.

Azkenik, eguna borobiltzeko Gabezin taldearen berbenarekin gogotik egin zuten dantza oiartzuarrek.