Eskola Kirolera bizikletaz gehien desplazatu den eskualdeko ikastetxea Elizalde izan da

Sari banaketa Elizalde Herri Eskolan egin zen./  GOIZARIN
Sari banaketa Elizalde Herri Eskolan egin zen. / GOIZARIN

Aurten 1.000 joan-etorritik gora egin dira bizikletaz, eta helburua Oarsoaldeko Eskola Kirolak ahalik eta jasangarrien izaten jarraitzea da

GOIZARINOIARTZUN.

Oarsoaldeko Kirol Mahaiak pasa den ostegunean egin zuen Eskola Kirolera desplazamendu berdeak (bizikletaz, oinez, auto partekatuan, garraio publikoan) saritzeko ekitaldia, Elizalde Herri Eskolan. Bosgarren urtez, Oiartzungo ikastetxea izan da bizikletaz desplazamendu gehien egin dituen eskualdeko ikastetxea, eta horregatik egin zen bertan sari banaketa.

Eneritz Arbelaitz alkateordea izan zen sariak banatzen. Elizalde Herri Eskolak bi bizikleta jaso zituen sari: Beñat Irastorza eta Alaitz Zudaire ikasleak izan ziren ordezkari. Hauek Errenteriako Koldo Mitxelena eskolari oparitu zizkieten bi bizikletak.

Bestalde, desplazamendu berde gehien egin dituen ikastetxea Trintxerpeko Karmengo Ama izan da eta bizikletaz gehien ibili den ikaslea, Pasaia-Lezo Lizeoko Unax Hernandez.

Eskola Kirola, iraunkorra

Oarsoaldeko Eskola Kirola osatzen duten eragile guztiei esker (udal eta Kirolaisi XXI-ko teknikariak, ikastetxeetako koordinatzaileak, hezitzaileak, gurasoak...) asteburuetan egiten diren joan-etorriak ahalik eta modu jasangarrienean burutzea helburu duen asmoa sustatzeko kanpainak fruituak ematen jarraitzen du.

Aurten 1.000 joan-etorritik gora egin dira bizikletaz, orain arteko emaitzarik onena, eta haurren % 45a ez da bakarka kotxean desplazatu. Eskola Kirolean izena emanda dauden haurren kopurua ia 1.400ekoa dela jakinda, «emaitza hauen dimentsioa esanguratsua dela ezin da ukatu. Beraz, honek gure helburua betetzeko bidean lan egiteko konpromisoak sendo izaten jarraitu behar duela adierazten digu», nabarmendu zuen Arbelaitzek.

«Sustapen plan honek osasuntsu egoten jarraitzen duen arren, lanean jarraitu behar dugu, Oarsoaldeko Eskola Kirolak ahalik eta jasangarriena izaten jarrai dezan», gaineratu zuen.