Eskola Agenda 21eko ikasturte hasierako pleno berezia egin dute ikasleek

Bi ikastetxeetako ikasle ordezkariak elkartu dira pleno aretoan. / GARAÑO
Bi ikastetxeetako ikasle ordezkariak elkartu dira pleno aretoan. / GARAÑO

1.400 bat ikasleren ordezkaritza batek udaletxean adi-adi entzun zituen Ander Santesteban eta Eneritz Arbelaitzen azalpenak

GARAÑO OIARTZUN.

Atzo goizean elkartu ziren udaletxeko pleno aretoan Elizalde Herri Eskolako eta Haur-tzaro Ikastolako ikasleak. Eskolako Agenda 21 hezkuntza-programan parte hartzen duten 1.400 bat ikasleen ordezkaritza batek udaletxeko pleno aretoan adi-adi entzun zituen Ander Santesteban Mendi-Ingurumen teknikariaren eta Eneritz Arbelaitz alkateordearen azalpenak. Bertan, joan den ikasturteko eskaerei buruz hitz egin zuten eta gehienbat zaratari buruz.

Udaleko ordezkariek eskaera bakoitza aztertu eta horren azalpena eman zuten atzo goizean. Besteak beste, honakoa jakinarazi diete: Iaz, 2017ko ekainean, Oiartzungo Udalak zarata-mapen bidez Oiartzungo zarataren diagnostikoa egin zuen eta horren bidez, Oiartzungo kutsadura akustikoa sortzen duten foku nagusiak identifikatu ahal izan ziren. Hurrengo pausoa helburuak zehaztu eta horietako bakoitza lortzera bideratutako neurriak bilduko dituen plana idaztea izango da.

Zarata eta dardaren aurkako udal ordenantza berria idaztea (indarrean dagoena zaharkituta dago). Oiartzungo Udalak mugikortasunean eragina duten neurriak hartzen jarraitzen du. Besteka beste, oinezkoen eremuak zabalduz (berriki Lintzirin poligonoan espaloi berri bat egin da oinezkoak Lintzirinen bertan hobeto mugitu daitezen eta Arragua auzotik Lintzirinera joatea erosoagoa izan dadin. Espaloiak berritu dira Altzibar sarreran edota Legarreko aldapan. Gainera, Legarren baranda bat jarri da oineskoei laguntzeko. Bidegorri-sarea ere zabaltzen joatea (hori dela eta, Altzibar eta Karrika arteko bidegorria egiten hasiko da laster). Kotxe elektrikoaren onurak herritarrei zabaltzeko helburuarekin taxibus zerbitzua (Ergoien, Karrika eta Gurutze auzoetara heltzen den garraio publiko zerbitzua) auto elektrikoarekin ematen hasi da. Ibilgailu elektrikoekin klima-aldaketan eta ingurumenarengan eragiten duten gas kutsakor gutxiago botatzen dira atmosferara. Zaratak sortzen dituen osasun-arazoen inguruan herritarrak eta beste sektoreak (lantokiak, taberna...) sentikortzeko komunikazio-ekintza aurrera eramatea.

Dagoeneko eskarmentua dute Oiartzunen, izan ere, aurtengoa 15. ikasturtea da Oiartzungo ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programa garatzen dutena. Dagoeneko ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea, kontsumo arduratsua, zarata eta elikadura bezalako gaiak aztertu dituzte ikasleek eta, bai eskolan, herrian, zein etxean hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte. Ikasturte honetan klima aldaketa lantzen hasi dira ikastetxeetan eta egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, 2019ko maiatza aldera berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ikasleek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos