Eskiatzera Haurtzaro Ikastolako mendi taldearekin

Elurrik ez bada ere irteera egingo dute Haurtzaroko mendizaleek./
Elurrik ez bada ere irteera egingo dute Haurtzaroko mendizaleek.

Asteburu osoko egitaraua antolatu dute, arrakasta handiko irteera izanik

GOIZARIN OIARTZUN.

Mendian elurra egitearekin batera animatu dira Haurtzaro Mendi Taldeko kideak eskiatzera joateko prestaketa lanetan. Izan ere, hezkuntza ez da geletara eta liburuetara mugatzen, ikastetxeko paretatik at ere gauza asko ikas daitezke: Euskal Herriko eta Aragoiko hainbat paraje ezagutu, naturarekiko errespetua eta miresmena landu, talde kohesioa eta elkarbizitza sustatu...

Horixe egiten du Haurtzaro Mendi Taldeak urtean zehar antolatzen duen ibilaldietan. Dagoeneko aurtengo ikasturtean bi ibilaldi antolatu ditu arrakasta osoz eta arestian aipatu moduan, orain eskiatzera joateko asmotan dabiltza.

Hortaz, urtarrilaren 19-20ko asteburuan Somportera joango dira eskiatzera bertan parte hartu nahi duten Haurtzaroko ikasle eta gurasoekin. Egitasmoa ondorengoa izango da: hilaren 19an, larunbatean, goizeko 06:00etan ikastolako aparkalekuan elkartu; horren ondoren autobusa hartu eta abiatuko dira. Bi egunak emango dituzte iraupen-eskia praktikatzen eta igandean itzuliko dira iluntzeko 20:00etan. Berez eskiatzen jakitea ez da beharrezkoa, mailaren araberako taldeak egingo baitituzte.

Eraman beharrekoa

Mendi irteera honetan parte hartzeko eraman behar diren materialak, besteak beste, ondorengo hauek dira: Alde batetik, aldatzeko arropa, eskularruak, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkitako krema. Larunbateko eta igandeko hamaiketakoak, bazkariak eta meriendak ere eraman beharko dira, bestetik. Azkenik, lo zakua, dutxatzeko tresnak eta toalla ere eraman beharko dira.

Era berean, eskiatzeko materialik ez duenak, bakoitzaren altuera eta oinetakoen zenbakia aurrez eman behar du Ikastolako idazkaritzan, materiala aurrez eskatu ahal izateko. Eskiatzera joan nahi duenak, izena ematerakoan ordainketa egin behar du.

Eta azkenik kontuan hartu izena emateko azken eguna urtarrilaren 11 dela.

«Elurrik ez bada ere irteera egingo dugu, eta ordezko mendi bueltaxka emango genuke inguru zoragarri horretan», adierazi dute antolatzaileek. «Iraupen eskia egin nahi ez duenarentzat Somportek erraketekin plan bikain eta erraza egiteko aukera eskaintzen du».