Eskaintza bikoitza Arditurriko Parke Naturalean asteburuan

Sai arreak behatzeko aukera paregabea igandean. / GOIZARIN
Sai arreak behatzeko aukera paregabea igandean. / GOIZARIN

Bihar Aiako Harriaren erraiak ezagutzeko aukera paregabea; etzi, Aiako Harrian bizi diren sai arreak behatzeko bisita gidatuak

GOIZARIN OIARTZUN.

Asteburu honetan, Arditurriko parke naturala hobeto ezagutzeko eskaintza bikoitza eskainiko dute. Bihar, Tren Berdea eta meategira bisita gidatuak prezio berezian izango dira. Hiru eskaintza bereiziko dira: trena eta oinarrizko bisita 5 eurotan; trena eta oinarrizko bisita (5 urte baino gutxiago dutenentzat), 3 eurotan; esta trena eta sakoneko bisita, 7 eurotan. Tren Berdearen irteera ordutegia Pagoaldetik Arditurrira 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan izango da; eta Arditurritik Pagoaldera, berriz, 11:30ean, 12:30ean eta 13:30ean.

Igandean, berriz, Aiako Harrian bizi diren sai arreak behatzeko bisita gidatuak antolatuko dituzte Arditurri parketxeko arduradunek. «Irteera gidatuan Aiako Harrian habiak egiten dituzten hegazti sarraskijale horien bizimodua eta ohiturak hobeto ezagutzeko parada izango dute interesatuek», adierazi dute. Arditurri parketxean sai arreen inguruan hitzaldi labur bat egingo dute lehenik, eta ondoren, ibilaldi motz bat hegazti horiek teleskopio bidez ikusteko. Hitzaldiak bi txandetan egingo dituzte: Euskarazko hitzaldia goizeko 10:00etan hasiko da eta gaztelaniakoa, 10:30ean. Ondoren, bi taldeek bat eginez ibilaldia egingo dute goizeko 11:00k aldera.

Plaza mugatuak

Sai arreak behatzeko bisita gidatua egin daiteke 5 euroren truke, baina aurretik erreserba egitea beharrezkoa izango da, plaza mugatuak baitaude. Bestalde, bisita egunean bertan, prismatikoak eramatea gomendatzen da. Sai arreei buruzko hitzaldia osatzeko, argazki erakusketa prestatu dute Arditurri parketxean apirilaren 28tik ekainaren 2ra arte. Bertan urte askotan behaketa lanean aritu den Pako Garcia oiartzuarrarek Aiako Harrian bizi diren sarraskijale horiei egindako argazkiak ikusgai egongo dira. Igandeko bisitan parte hartzeko zailtasunak dituztenek maiatzaren 12an eta ekainaren 2an izango dituzte hurrengo behaketa gidatuak.