Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Oiartzungo Udalak
goizarin
Igandea, 4 apirila 2021, 12:01
Oiartzun. 2020ko errenta aitortzeko epea zabaldu den honetan, Udalak dei egin die herriko zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko.
«Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin dezakezu, baita aitorpena Internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten duzunean ere euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz», animatu du Josu Delgado Euskara saileko zinegotziak. «Zorionez, urtez urte gero eta gehiago dira errenta euskaraz egiten duten herritarrak eta administrazio publikoekin euskaraz egitea erabakitzen duten herritarrak·, nabarmendu du. Izan ere, 2005ean hasi zen Udala errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin. Urte hartan, 2004ko errenta aitorpenak, %6 baino ez ziren izan euskaraz egindakoak. Duela bi urte, oiartzuarrek egindako errenta aitorpenen %37,10 izan zen euskaraz.
Udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu goxo bana zozkatuko du errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean. Zozketan parte hartzeko hiru bide izango dira aukeran: whatsapp bidez zabalduko den drive bateko formularioa betetzea, www.oarsoarrak.eus webeko formularioa betetzea edota leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea.