Erosketak egiteko poltsak Itturriren eskutik

Itturri merkatari elkarteko kideak haien komertzioetan ari dira banatzen poltsak. /  GARAÑO
Itturri merkatari elkarteko kideak haien komertzioetan ari dira banatzen poltsak. / GARAÑO

Elkarteko establezimenduetan ari dira banatzen poltsak, baita egutegiak ere

GARAÑO OIARTZUN.

Itturri merkatari elkartea Oiartzungo merkatari, hostalari eta zerbitzuak biltzen dituen elkartea da. Iraila eta urrian 'Oiartzunen bizi, Oiartzunen erosi' kanpainaren bigarren edizioa egin zuten eta Itturri elkarteko komertzioetako bezeroek egindako erosketa bakoitzarengatik zozketa txartela jaso zuten. Kanpaina bukatuta, 100 euroko bost bale zozketatu zituzten.

Oraingoan, erosketak egiteko poltsak banatzen ari dira. Herriko komertzio txikiak indartzeko eta sustatzeko hainbat ekimen egiten ditu Itturrik eta poltsa banaketa ideia horren baitan dago. Elkarteko establezimenduetan ari dira banatzen poltsak eta baita egutegiak ere. Bezeroak haien erosketak egiteko erabiltzea nahi dute horrela kanpainaren ideia lau haizetara zabalduz.

Elkartea sortu baino lehen inkesta bat egin zuten herrian kontsumo ohiturei buruz galdetuz eta inkestatuen %97k herriko komertzio txikiaren aldeko iritzia agertu zuen. Hala ere, praktikan ez da ehuneko hori islatzen eta horregatik sortu zen elkartea, horri buelta emateko eta herrian erostera bultzatzeko. «Teoriaren eta praktikaren arteko distantzia hori murrizteko oso garrantzitsua iruditzen zaigu kontzientzia lantzea», adierazi du kide batek. Elkarteari esker merkatarien artean harremanak sortu dira eta elkarren berri jakiten dute uneoro. Haien web orrian Oiartzungo komertzioen inguruko informazioa zabaltzen dute eta baita bertan kontsumitzeak dituen abantailak nabarmendu ere. Gainera, elkarteko kide direnen ordutegia, albisteak eta sasoiko eskaintzen berri ere ematen dute.

Kontzientzia pizteaz gain, Oiartzunen erostearen lau abantaila azpimarratzen dituzte elkarteko kideek eta honakoak dira: erosi ondorengo zerbitzua, gertutasuna, produktuen kalitatea eta bezeroari arreta. «Kanpora barreiatzen den kontsumo gaitasuna herrian geratzeak dituen onurak herritar guztientzat direla ulertu behar dugu, herrian duinki bizitzea herritarron kontsumo erabakien menpe baitago».

Udalak berriro ere herritarrak bultzatu nahi ditu komertzio txikietan erostera, herriari bizitza emateko ezinbestekoak baitira. Horrela bertan kontsumituz herriko ekonomia indartuz. «Herrian erosteko ohitura bultzatu nahi dugu eta baita horren kontzientzia piztu ere».

25 establezimenduk osatzen dute Itturi: Arkupe hortz klinika, Baobab, Dixidu diseinu grafikoa, Elordi janari-denda, Elorsoro fisio-osteopatia, Esnatu altzariak , Garbiñe estetika zentroa, Itziar edergintza, Izaro arrandegia, Kabitxo taberna, Kinkila, Lizar harategia, Lizarralde ortopedia, Mapfre, Martin harategia, Mikel Elizetxea masajista, Nerea Jauregi ile-apaindegia, Pausoz pauso klinika podologikoa, Pili arraindegia, Txintxosta ile-apaindegia, Urkola optika, Urrats paperdenda, Zabaleku informatika, Zapirain estankoa eta loteri-denda eta Zubillaga aholkularitza. Hala ere, aipatu dute parte hartu nahi duen zerbitzu, komertzio edo hostalariari zuzenduta dagoela eta irekia dela.