'Empalabramiento' ekimena, maitzaren 8tik aurrera

GOIZARIN OIARTZUN.

Oiartzungo Udalak ekimen berri bat jarri du martxan, 'Empalabramiento' tailerra hain zuzen. Ekimenaren helburua Europa mendebaldean erabiltzen den alfabetoa erakustea izango da. «Irakurtzen eta idazten zailtasunak dituzten emakumeei zuzenduta dago, hau da, beste hizkuntza eta alfabetoa erabilita gurea ezagutzen ez dutenentzat», adierazi du Agurtzane Lekuona feminismo saileko zinegotziak.

Esan bezala, maiatzaren 8an hasiko da tailerra eta ekainaren 9a bitarte luzatuko da. «Irakaslea Nerea del Campo Agirre izango da eta udaletxeko 2. solairuan eskainiko ditu klaseak doan, asteazkenetan 14:30etik 16:30era», gaineratu du.

Egitasmoaren helburu orokorrak hauexek izango dira: oinarrizko alfabetatzea; norbanakoen jabekuntza prozesuak eta taldeak bultzatzeko eta kultura ezberdinetako emakumeak gurean gizarteratzeko. Helburu zehatzak ere azpimarratu ditu Lekuonak: Gaitasun komunikatiboak garatu; herriko ekimen ludikoetan parte hartzea erraztu; harreman pertsonal eta afektiboak garatzea; norbere gorputzaren gaineko ezagutza bultzatzea; jolasten erakutsi eta irribarrea baliabide bezala barneratzea; autoestimua hobetzea. Eta hausnarketa erraztea.

Informazio gehiago nahi izanez gero, interesatuek udaletxeko feminismo sailera deitu beharko dute (943 49010

Gure Balioak 2016 saria

Nerea del Campo Agirre 'Empalabramiento' ekimenaren irakasleak 2016an Gure Balioak saria eskuratu zuen, jatorri edota kultura arrazoiengatik egoera bereziki ahulean dauden emakumeekiko inplikazioa eta konpromisoa erakusteagatik. Era berean, 'Empalabramiento' eskolen bitartez euren trebakuntza, integrazioa eta ahalduntzea ahalbidetzen duelako, horretarako bere denbora, esfortzua eta ezagutzak modu altruista batean eskainiz.