Emakumeen arteko lehia hasi da Euskal Herriko pala txapelketan

Zutik, Ontsalo, Olano, Bengoetxea epailea, Galdos eta Murua. Makurtuta, Agirre, Erasun, Eizmendi eta Lasarte. / GOIZARIN
Zutik, Ontsalo, Olano, Bengoetxea epailea, Galdos eta Murua. Makurtuta, Agirre, Erasun, Eizmendi eta Lasarte. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den asteburuan eman zitzaion hasiera emakumeen arteko Euskal Herriko pala txapelketa irekiari. Aurten, zortzi bikote izango dira lehian, etorkizun handikoak, gainera. Horietako bikote batzuk iazko txapelketan parte hartu bazuten ere, beste batzuk estreinako aldiz parte hartuko dute. Antolatzaileek osatu dituzte bikoteak eta hasieran liga moduan jokatuko dute, gizonezkoen antzera. Guztira, bi talde osatu dira eta lehengo biak finalerdietara pasako dira eta irabazleek finala jokatuko dute.

Txapelketaren antolatzaileek aurtengo edizioko finalak ekainaren hasieran jokatuko direla aurreikusi dute. «Guztira lau final jokatuko dira: hiru gizonezkoen mailan eta laugarrena, emakumeen mailan», gaineratu dute. Baina final horietako partaideak nortzuk izango diren aurrerago zehaztuko dira.

Bien bitartean, txapelketak aurrera jarraitzen du eta pasa den asteburuan beste hamabi partida jokatu ziren Madalensoroko frontoian: zortzi gizonezkoen artean eta lau emakumeen artean.

Nabarmendu behar da, gizonezkoen mailan, Torres-Roteta eta Zapirain-Susperregi bikote oiartzuarrek ez zutela aurrera egiterik izan eta txapelketatik kanporatuak izan direla haien partidak galdu ondoren.

Oraindik beste oiartzuar bikote batek, Getaria-Juanes, lehian jarraitzen du eta ikusteke dago haren partida irabazterik izango duten finalerdietara pasatzeko. Emakumeen mailan, berriz, Leire Galdos oiartzuarrak Murua bikotearekin partida txukun batean, 25 eta 13 irabazi zuten lehen partida Ontsalo eta Olano Altzoko bikotearen aurka.

Beraz, txapelketa sartu da azken fasean eta hemendik aurrera, finalerako txartelak garesti jarriko dira, soilik batzuk jokatu ahal izango dutelako.

Hona hemen emaitza guztiak: 3. Mailan, Izkierdo-Bengoetxea 17-25 Etxebeste-Aranguren; Torres-Roteta 17-25 Imaz-Elizalde; Lozano-Ferrero 25-18 Pujana-Pagoaga; Garbisu-Martinez 25-11 Zapirain-Susperregi; Agirre-Mendigain 25-20 Mikela-Txapei; 2. Mailan, Txoperena-Ormaetxea 25-15 Murua-Arteaga; 1. Mailan, Salaberria-Huegun 25-16 Inda-Gastesi; Irigoien-Almandoz 25-21 Arrizabalaga-Lizarralde; emakumeen mailan, Larrarte-Karrera 25-18 Balerdi-Albeniz; Eizmendi II-Urdangarin 25-15 Iturrioz-Arrillaga; Lasarte-Eizmendi I 17-25 Agirre-Erasun eta Galdos-Murua 25-13 Ontsalo-Olano.

Igande honetan ere izango dira partidak Madalensoron. Emoziorik ez da faltako ezta maila handiko partidak ere. Interesatuek frontoira gerturatu beharko dute. Beti bezala, sarrera doan izango da.