'Emakume ikusezinak begira', 21 aulki zikloa hirugarrenez Oiartzunen

Ostiralean emango diote hasiera 'Tupust!' komiki antologia feministaren aurkezpenarekin eta igandean amaiera antzerki, musika eta literatura emanaldiarekin

GOIZARINOIARTZUN.

Oiartzungo Euntze sormen espazioan, Metrokoadroka Sormen Laborategiak 'Emakume ikusezinak begira' ideian inspiratuta 21 aulki zikloa jarri du martxan Udalaren laguntzaz. Hiru egunez luzatuko da zikloa, egitarau interesgarriarekin.

Ostiralean, hilak 4an, emango diote hasiera 21 zikloari 'Tupust!' komiki antologia feministaren aurkezpenarekin. Gonbidatuak Maite Gurrutxaga, Arrate Rodriguez eta Ainara Azpiazu izango dira. Dinamizatzailea, berriz, Iratxe Retolaza literatura aditua. Saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Euntze espazioan.

Larunbatean, errezitaldia iragarri dute Metrokoadrokako kideek. Bi zati izango ditu saioak. Lehendabizikoan, partehartzaileak izango dira: Goiatz Labandibar, Aintzane Galardi, Ainara Lasa eta Idurre Eskisabel. Bigarren zatian, berriz, Asier Sarasolak, Alejandra Pizarniken poemak errezitatuko ditu, eta Danele Sarriugartek, Audre Lorderen poemak. Saioa 18:30ean hasiko da, Euntze espazioan.

Eta igandean, hitzordua udal areto nagusian jarri dute, arratsaldeko 19:00etan. 'Emakume burugabea', antzerki, musika eta literatura emanaldia izango da, Antxiñe Mendizabal, Nerea Gartzia eta Pello Ramirezekin.

Ikastaroa Iratxe Retolazarekin

Azkenik, urriaren 28 eta azaroaren 25ean Iratxe Retolazak 'Sinesgaitzari bide egiten: ahotsen genealogiak' ikastaroa eskainiko du, EUNTZE espazioan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Tailer horretan, «euskal kulturako sortzaile batzuen ibilbideak izango ditugu hizpide, eta sortzaileen ekarpen artistikoak ezagutu ez ezik, kultur esparruan emakumeek aritzeko eta plazaratzeko izan dituzten aukerez eta mugez jardungo dugu», adierazi du Retolazak.

Ikastaroan, bi helburu uztartuko dira: batetik, euskal kulturako ekarpen zenbait, eta testuinguru kultural zenbait ezagutzeko aukera; eta bestetik, ekarpen horien inguruko begirada feminista gorpuzteko aukera, genero-kokapenek euskal kulturgintza nola zeharkatu duten azalarazteko.

Izen ematea doakoa izango da lekua bete arte. Horretarako, interesatuek euntze@gmail.com helbide elektronikora idatzi edota telefono zenbaki honetara deitu beharko dute: 652 701 553.